EEAEko barne-produktu gordina, kapital eraketa gordina, kanpo-eskariko ekarpena eta barne-eskariko ekarpena, balio erantsi gordina, barne-produktu gordin nominala eta deflaktorea, langabezia-tasa, … horrelako taula makroekonomikoetan metalengoaia erabiltzen da ekonomiaren arloan kontuak eta neurketak egin ahal izateko. Ideiarik ere ez daukat horretaz, baina bakoitzari zenbaki batzuk jarriz gero, ondorioak positiboak edota negatiboak sortzen dira. Oraingo honetan, badirudi Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren 2023rako hazkundea nabaria izango dela. Aipatzen da euskal ekonomiaren egoera sendoa izanik ere, Europako ekonomietan gertatzen ari den dezelerazio-prozesuaz kanpo ez dela geratuko, halarik ere, egoera onean omen gaude datorrenari aurre egin ahal izateko, ziurgabetasuna inguruan dugun arren. Baina nondik dator ziurgabetasuna? Zer da etorriko dena? Zeintzuk estrategia abiaraziko dira gure ongizatea bermatu ahal izateko? Ekonomiaren susperraldi horren ondorioz, geuk kaletarrok zerbait nabarituko dugu gure bizimoduetan? Gure poltsikoetan? Gure ametsetan? Gure egunerokoetan?
Guk inguruan ikusten duguna da bizitzea modu harrigarrian garestitu dela, eta gure irabaziek amets egiteko tarte txikia eskaini ahal dutela, dena fakturatan xahutzen baitugu, beharrik eta oinarrizkoenek, eta etxebizitza, gasolina eta elikagaien prezioen gorakadak ez baitute etenik. Egunotan oliba olioaren prezioa garestitu da modu ia anormalean. Lehorteari bota diote errua, klimari, produkzioaren eskasiari eta abarri, baina espekulazioaren mamua atzean dabilelako sentsazio oso nabaria da. Kostuak garestiak dira, edo bitartekarien irabaziak bermatu egin behar dira, laborarien duintasuna zikinduz? Ondo legoke oliba olioaren ekoizpen-katea zorroztasunez kontrolatzea, hau gerta ez dadin.
Gasolinak ere gora egin du inolako abisurik gabe. Hasieran Ukrainako gerraren itzala izan zen deskontrolaren arrazoia, baina gaur egun? Prezio horien igoera justifikaturik dago?
Ekonomia ondo doalako berria pozgarriagoa litzateke gure poltsikoak modu pozgarriago batean ibiliko balira.