Bartzelonan, 1937. urtean gudu zibila pil-pilean zegoela, Franco jeneralaren jarraitzaileek baziharduten Bartzelonari bortizki eraso egiten, eta bien bitartean Bartzelonako kaleetan eta Kataluniako beste inguru batzuetan anarkistak eta komunistak elkar hiltzen aritzen ziren.

Nork zuen arrazoia? Eta nori dio? Kataluniari zihoakiona orduan jazorikoa izan zen: atzera egin behar izan zuten matxinatuen aurrean. Bestela esanda, Errepublikaren aurka matxinatu zirenei jarki beharrean, elkar hiltzen jardun zuten orduko komunista eta anarkistek gudu zibila galdu zuten. Inori al dio nork zuen arrazoia? Erbestera joan ziren anarkista eta komunista haiek gomutan al zuten zelako jarrera izan zuten batzuek besteekin? Ez dakit, baina, hori gogoan izan bazuten ere, zalantza barik gogoan izango zuten Francok jaurti zituela Pirinioez beste aldera.

2023ko irailaren 11n, berriz, Kataluniako Diadan, katalan independentisten arteko iskanbilak jendaurreratu dira. Ematen du sasoi bateko zakilmetrora, potrometrora edo nork ote dakien zein neurgailutara itzuli garela.

Agiraka, deiadarka jardun duten horiek katalanismoaren banaketa-zantzuak agertzea baino ez dute jadetsi. Hori baino ez. Independentismo katalana ez da indartsuago irten ekitaldi horretatik. Baldin eta abertzaletasunaren barruko aitzindaritza lortu nahi izan bada, jakin daiteke nor izan daitekeen aitzindari hori? Ala norberekeriak, txikikeriak eta enparauko keriek indar handiagoa hartu dute zarataka jardun zuten horien buruan abertzaletasunaren helburuak baino?

Ez ahal da jazoko oraingoan 86 urte lehenago gertatu zena. Hildakorik ez badago ere, gaur egungo politikan gutxiengook gaitz dugu geure burua ikusaraztea, baina, era berean, argi jokatu behar dugu aurkariak indartsuagoak direlako gu baino. Hala ere, buruargiak izan behar dugu, hortxe jarri behar dugu geure indarra. Esaera zaharrak dioenez, ez gaitezen etxean otso izan, horren etekina aterako duena edonor izan daitekeelako gu izan ezik.