Bai, telezerezten nauzu elkarrekin gaudenean, elkarren ondoan edo aurrean gaudela. Baliteke esan dudana zuk ez ulertzea, ohituta zaudelako phubing eta beste berba “moderno” eta “berritzaileak” entzuten, betiere jakin gabe zer esan nahi duten berbok benetan.

Eta aliterazio bat erabiliko dut zutabe honetan, inork irakurriko duelakoan. Zelan izan daiteke norberak irakurtzen dituen testuak ondo ulertu barik edo txarto ulertuta edo ezer ulertu barik burutazioak esatea testuon gainean?

Barka biezat adimentsua denak, baina guztientzat azaldu nahi dut izenburuaren esangura. Izan ere, egun norbaitek beste kristau bati kasurik egin nahi ez badio, beste alde batera begiratu beharrean, aurrean duen telefonoarekin “berbetan” hasten da, beste inori jaramonik ez egiteko, harekin begi-ukalditik ere ez egiteko. Eta horixe da gaur egungo “bizimodua”.

Guk sinesten badugu ondo dihardugula batzuetan nahiko genukeen beste jadetsi ez arren, zein da arazoa? Zergatik ez gara ausartzen Bilintxek jokatu zuen legez jarduten? Geure buruaren beldur ote gara?

Guillermo Joaquín Indalecio Bizkarrondok (“Bilintx”ek) Behin batean Loiolan idatzi zuenean, bere ahuleziak agertu zituen, eta… bere euskalduntasuna, bera ez zelako lotsa izan haren sentimenduak agertzeko. Noiz itaunduko diogu geure buruari ea Bilintxek agertutako nortasun horri eusteko gai garenez?

Ez hori bakarrik; Bilintxek gauza bat egin zuen, Unamunok ere egin zuena: euren iritzia zalantzaren mendean jarri. Halaz guztiz (Gipuzkoan zoragarri erabiltzen den lokarria erabiliz), On Migel Unamunok beste urrats bat egin zuen, Bakea guduan idatzi zuenean. Horrela, Bigarren Karlistaldian, karlistek Bilbo bonbardatzen zihardutela, Bilboko orduko kanposantuan kartel hau ageri zen: “Sarrera debekatuta dago”.

Orduan Bilboko liberal batek esan zuen Bilboko liberalek azaldutako mezuaren aurrean: “Onartezina da hiltzeko eskubide bortxaezina galaraztea”. Ba ote dago pentsamendu euskaldunagorik? Edo berriro telezereztuko nauzu?