Lehenbiziko aldiz izan naiz San Juan bezperan etxetik kanpo. Umetan, dantzan egitera ateratzen nintzen. Bai bezperan, suak piztu aurretxoan, eta baita San Juan egunean bertan ere. Ondoren, suaren inguruko lanetan kateatzen nuen neure burua. Egurra garraiatzen eta lar bila mendi puntutatik herrirako bidean. Suaren gainetik jauzika ibiltzekoa ez naiz sekula izan (ausardia falta) baina bai surik handiena babesten eta norbere auzoko sua zaintzen aritzekoa, ordu txikietara arte, San Juan suetako bandera nork irabaziko zuen deliberatzen zen arte.

Nagusixeago egitean bisitatu genituen inguruko herrietako suak eta suen inguruko jaiak eta ohiturak. Eta, aurtengoan, lan kontuak tarteko, etxetik kanpo harrapatu nau urteko gaurik motzenak. Madrilen, hain zuzen ere.

Urruti sentitzeari erremedioa berehala topatu genion, ordea. Euskal taberna batera joango ginen afaltzera. Eta bai laster topatu ere. Gran Via kalearen erdi-erdian. Euskal izena daraman jatetxean sartzean, bisitariak laster antzematen ditu pilotarien argazkiak, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lurralde-ezkutuak, jatetxearen erdigunean bi ikurrin handi-mandi, eta menuan, euskal izenak daramatzaten hainbat pintxo eta kazeloratxoetan zerbitzatzen diren jaki bizkorrei laguntzeko txakolin botila ezberdinak.

Menuaren azpikaldean, QR zigilua. Eta zigiluaren azpian, azalpena: to choose your language. Atera diogu argazkia QRari, ireki dugu dokumentua eta hara non agertzen zaigun menua: cat-en-es, hau da, katalanez, ingelesez eta espainolez. Eta euskara? Ez, ba.

Begiratu dut ondotik, ea jatetxe hori zein lurralde edota hiriburutan dagoen eta, Donostiatik abiatuta, Madrilen eta Bartzelonan dagoela jakin ahal izan dut. Haatik, menua katalanez ere eskaintzearena. Euskararen arrastorik ez, ordea.

Gainontzean, dena ezin hobe zainduta: zerbitzariek beren lana ondo betetzeko erakusten zuten gogoa, batez ere. “Es nuestro deseo que ustedes se sientan como en casa” esan zigun mahaia zerbitzatu zigunak. Atseginak zirela erantzun genien, urrutitik lanera etorriak zirelako beraiek, etxetik urruti ginelako gu ere.