Astelehen honetan goizean, apirilaren 29an, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok harrera egin dio Turkiako enbaxadorea den Nüket Küçükel Ezberciri. Bilboko udaletxean egindako topaketa honetan, bi aldeen intereseko gaiak jorratu eta egun Bilbo eta Turkiaren artean dauden mota guztietako harremanetan sakontzen jarraitzeko borondatea agertu dute.

Bilera honekin, bi herrialdeen arteko harremana sendotzea lortu nahi izan du Bilboko Udalak, azken urteetan Turkia Euskadiren interesetarako lehentasunezko herrialde bihurtu baita.

Nüket Küçükel Ezberci (Bremen, Alemania, 1969), ezkondua eta hiru seme-alabaren ama, Nazioarteko Harremanetan lizentziatu zen Bilkenteko Unibertsitatean, eta 30 urtetik gorako karrera diplomatikoan, erantzukizun goreneko karguak bete ditu Turkiak Essenen eta Jerusalemen dituen Kontsulatu Nagusietan.

Turkiako Kanpo Arazoetarako Ministerioaren barruan, Küçükel Küçükel Lehen Idazkaria eta Atalburua izan da Europar Batasunerako Idazkaritza Nagusian, eta Bigarren Idazkaria Kaukaso eta Asia Erdialderako Zuzendariordetza Nagusian, besteak beste. Azkenik, iazko abuztuan, Enbaxadore karguaz jabetu zen Turkiak Madrilen duen legazio diplomatikoan, duela hiru urte Bilboko Udaletxea ofizialki bisitatu zuen aurreko Enbaxadore Burak Akçapar Turkiako Kanpon Arazoetarako egungo Ministrordeari lekukoa hartuz.

Kokapen geoestrategiko apartagatik, Turkia lehentasunezko herrialde bilakatu da Euskadiren interesetarako, eta 2003az geroztik, SPRI Enpresa-Garapenerako Euskal Agentziak ordezkaritza iraunkorra dauka herrialde hartan.