Euskararentzat aro berri bat zabaltzea eskatu dugu asteburuan, Baionan, euskarak Ipar Euskal Herrian dituen trabak salatu eta hizkuntza politika berri bat aldarrikatuz. Oztopo politiko eta administratiboak ez dira, ordea, gainditu beharreko langa bakarrak.

Duela aste batzuk, iparraldean antolatutako sari-banaketa ekitaldi batera joan nintzen eta, bertan, besteak beste, iparraldeko dantzariek parte hartu zuten. Dantzaldi ederra eskaini zuten, sari-banaketa ekitaldia guztiz jantzi eta bertaratutakoon arima elikatu zuena. Ekitaldia bukatu ostean, dantzariei hurbildu nintzaien, ekitaldiagatik eskerrak emateko eta zoriontzeko eta, gazteetako batek, frantsesez bideratu ninduen euskaraz zekienarengana, eta harekin mintzatu ahal izan nintzen bakarrik euskaraz. Beren artean, dantzari gazteak, frantsesez mintzatzen zirela konturatu nintzen.

Pasa berri den asteburu honetan, ezkontza ospakizun batean izan naiz. Ezkongaietako bat eta beronen lagunak, ikastolatik pasatutako umeak dira. Gazteak ikastetxetik EGArekin ateratzen ziren garaikoak, eta EGArekin ateratakoak.

Momentu ezberdinetan izan nuen aukera gazteongana hurbildu eta hitz egiteko. Eta konturatu nintzen, beraien artean gaztelaniaz ari zirela. Eta ez hori bakarrik. Niregana hurbiltzen zirenak, lehenagotik ere elkarrekin euskaraz egiteko “ohitura” genuenak zirela.

Bai lehenbiziko kasuan eta bai bigarrenean, halako errespetu puntu bat somatu nuen. Ni euskaraz hurbilduz gero, mintzakideek euskaraz erantzuteko ahalegina egin zutela. Ahalegin kontzientea. Eskertzekoa.

Baina ezin izan nuen ekidin sentitzea, zerbitzu bat eskatzen duenaren antzera, “egin beharreko zerbait” eskatzen ari nintzaiela eta aurrean nituenek, nik horrela eskatu izanagatik euskaraz egiten zidatela (lehen pausoa nik euskaraz eman izanagatik). Ezin izan nuen ekidin, ezta ere, legeak babesten ninduen eta nire hizkuntza eskubideez baliatzeko babesa nuen arren, zerbitzu balioa duen praktika bat eskatzen ari nintzaiela sentitzea. Ez zirela naturalki sortu abiatu nituen hizkuntza harremanak, alegia.