MARTXOAREN 25ean. Hura izan zen data berezia. Bilboko Euskalduna jauregian film bat estreinatu egiten zen eta hara joan ginen lagun eta ezagun asko. Pieza zinematografikoaren titulua: Ama. Baina gaia ez zen amatasuna, edota gure familietan dagoen figura sendo eta oinarrizkoa horri eginiko gorazarrea. Ama, Nepalen dagoen mendi baten izen zati bat da, Ama Dablam.

Film horretan Alboko Esklerosi Amiotrofiko (ELA) gaixotasunaren kontra borrokatzeko bildu diren kemen, indar eta esperientzia bilduma ikaragarria agertu zen. Hainbat oihuren bidez, gaixotasun larria ikusarazteko abian jarritako kanpainen laburpena ikusi ahal izan genuen harriduraz beterik.

Ama filmean, batez ere, joan den larrazkenean Nepalen izandako espedizio berezi baten kronika islatu zen modu ederrean. Helburua Everesteko kanpamentu nagusira iristea zen, eta ondoren Ama Dablam mendira igotzea. Protagonistak bi: Pablo Olmos Dar-Dar ekimenaren mendizale sustatzailea, eta Miguel Angel Roldan (Mikel), trekking osoa burutu zuena. Biak ELAk jotako lagunak.

Nepalera elkartasunez beteriko talde bat joan zen, Mikelek burutu beharreko ibilbidean babestera eta laguntzera. 5000 metroko baldintzak gogorrak izan ziren protagonistarentzat, hotza, nekea, haizea, buruko minak... Baina barruan zeraman indarrak ez zion amore emateko tarterik eskaini. Hunkigarriak izan ziren han ikusi ziren keinuak. Zortekoa izan nintzen ni, taldea Solo Khumbu bailaran topatu nuelako, eta elkartasunezko bultzada horietan parte hartu ahal izan nuelako.

Esperientzia hori guztia ikusi genuen arratsalde hartan, bihotz-ukiturik, gaixotasun horrek jotako lagun askoren inguruan, bizitzeko gogo izugarrirekin eta aldarrikapenezko oihu batekin: ELAko pazienteei laguntzeko Legea desblokeatzea, duela urtebetetik geldirik baitago Kongresuan. Izan ere, 15 erakunde biltzen dituen ELAren Erakundeen Biltzar Nazionalak idatzi bat erregistratu du Kongresuan, gaixotasuna duten pertsonen bizitza duin bat izateko eskubidea bermatzeko lege-proposamenaren izapidea azkartzeko eskatuz.

Beste oihu bat. l