ASTE honetan Basoen Nazioarteko Eguna ospatu da. Basoak klima-aldaketari aurre egiteko funtsezkoak dira, eta hein handi batean, etorkizuneko belaunaldien onura ekarriko dute. Premiazkoa da basoak zaintzea, eta ez bakarrik haien probetxua lortzea.

Basoak ferekatzen dituzten haize guztiak ez dira berdinak. Parke eolikoen sustengua da haizea, eta aire hori profitatu nahi duten enpresen diru goseagatik baso horietan triskantza egingo da.

Trantsizio energetiko horren itzaletan, enpresa elektriko handiak ari dira makroproiektuak bidean jartzen determinismoz, energia berriztagarriak behar ditugulako. Eta dena da makro, makro, makro.

Horren gaineko azken albisteak harritu nau: Madrilgo enpresa batek haize-errota horiek eraiki nahi ditu Nafarroan. Badirudi kontrolik gabe hedatu eta landatu egin behar dituztela errota horiek nonahi, espekulazioaren baldintzapean, anbizio ekonomikoak bultzaturik.

Mendiak oro ezin ditugu metalezko eskultura handi horiekin ikusi. Mendiak, basoak bezala, babestu egin behar dira aparteko ekosistemak direlako, eta giza-eraginetatik kanpo jagon behar ditugu, paraje aratz eta askeak direlako.

Araban ere antzeko arazoak daude, eta hor eratu den Arabako Mendiak Aske plataformak makina bat aldiz salatu du energia-enpresek eremu natural itzelak suntsituko dituztela horrelako planak aurrera eramanez gero. Plataforma horrek hainbat mendi martxa antolatu ditu arriskuan dauden lurralde horiek zeintzuk diren ezagutzera emateko, pertsonak oro datorkigun arazoaz jabetu gaitezen. Larunbatean egingo da lehen martxa Babestu maite duzun mendia lelopean, eta udara bitartean beste batzuk ere programatu dituzte.

“Zaindu maite duzun hori”, hala kantatzen du Ruper Ordorikak, eta horixe da, maite dugun lurra ere zaindu egin behar dugu, eta zaintza horri, hain garaikidea den hitz horri, bere neurri eta bolumen guztia eman behar dizkiogu, gure bizimodua ederra izango bada. Halarik ere, gaurko egunetan, sosak agintzen du, eta eskala handiko zentral eolikoak eraikitzeko deliberoak min egingo digu. Noizko makro-zoriontasuna?