MARTXOAREN 24an giza kate batek batuko ditu Errenteria eta Donostia. 8.226 metro tartean, eta 8.000 pertsona baino gehiagok parte hartuko. Zer irudikatuko den? Euskara batua da omenduko.

Ikastolen Elkarteak eta Euskaltzaindiak “Ikastolak Herriari” ekimenaren baitan eratu dute euskara batua goraipatzeko ekimena. Herrialde ezberdinetako ikastoletako haur eta nerabeek parte hartuko dute ekitaldian, nahiz eta herritar orori irekia izango den.

Euskara batua herriarena dela azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Idazleek, eskolek, legelariek, itzultzaileek, hedabideek, eskolek, euskaltegiek… egin dutela. Eta guztiona dela. Herriak sortua eta herriak egin duela bere, erabileraren bidez.

Pozarren jaso ditut adierazpenok, herritarrok beharrezkoa baitugu euskara batua erakundeengandik askatzea, erakundeetatik desondaretzea, guztiona dela sentitzeko, eta guk egiten dugula sinesteko. Ez baitago erakunderik bere iraupena eta aberastasuna bermatuko duenik, ez bada herria, ez badira euskaraz diharduten herritarrak. Eta behar da herritar oro bere hizkuntzaz jabetu. Berdin delarik ere non bizi diren, euskara batua denen eskuetan baita berdin, denen eskuetan duin.

Horretaz gain, Ikastolen Elkarteak eta Euskaltzaindiak ekitaldi hau baliatu nahi dute euskara batuaren sendotzean lan berezia egin duten hamabost lagun, Koldo Mitxelenarengandik hasi eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-rengainainoko ibilian (tartean hiru emakumezko), euskara batuaren 50 urteko luzean euskaldun guztiok batu gaituen eta nazio ikuspegia eratzen lagundu duen tresna boteretsu honen lanketan zerikusi nabarmena izan duten pertsonak omentzeko. Eta, bidenabar, euskararen mamut erraldoiak izan diren izenak, giza katean parte hartuko duten gaztetxoenekin lotzeko, sortzaile eta sustatzaileak, erabiltzaileekin, alegia.

Antolatzaileek nahi bezala, koloretsua eta irriz josia izan dadila martxoaren 24ko katea, euskara batua, muga guztiak gaindituz, euskaldun guztiok berdintzen eta batzen gaituen tresna dela ospatzeko.