Aurreko astean, gimnastiia erritmikoko eskolarteko lehiaketa baten ostean, entrenatzaile batek ezin izan zuen bere harridura ezkutatu, ariketa egin berri zuten ikasle batzuek ea podium-erako aukerarik zuten galdetu ziotenean. Ikasleek ariketa txarra egin omen zuten. Gimnastiia erritmikoaren kodea ezagutzen ez dutenak ere konturatzeko modukoa. Eta, hala ere, ikasleek lehen postuak amets. Podium-a lortzeko egin beharreko lanak zenbatekoa izan behar duen aurreikusteko ahalmenik ez izatea zen entrenatzailea, batez ere, harritzen zuena. Gaurko gizarte axalean ahalegina areago baloratzearen ondorioa zela adierazi zitzaion entrenatzaileari, eta ez hainbeste balizko emaitzari, azken hau erdietsi ezina izanik ere.

Frantziako Kultura Ministerioaren Hizkuntzen Barometroak, azterturiko munduko 634 hizkuntzen artean, euskarari 38. postua eman diola jakitean bi sentipen izan ditut. Lehenbizikoa, poza. Sekula podium-ik ez duela zapalduko dakien maratoi korrikalariaren antzerakoa, lortutako postuari begiratu beharrean, egindako denborari begiratzen dionean. Bakoitzak, bere neurgailua baitarabil.

Eta, bigarrena, pentsatzea, egindako ahalegina balioan jartzeko zein garrantzitsuak diren neurketak. Egindako ikerketaren sailkapenean, ingelesa agertzen da lehen postuan, bigarrenean frantsesa, espainiera hirugarren eta alemana laugarren.

Neurketarako kontuan hartutako faktoreen artean daude, besteak beste, hizkuntzaren entropia maila, ofizialtasuna, itzulpen maila, ugalkortasun tasa edo eta wikipediako sarrera kopurua. Eta faktoreotan gora egin izanak satisfakzioz bete nau. 2017ko sailkapenean, euskara 62. postuan jarri baitzuten aipatu Barometroko ikertzaileek.

Beti podium-etik kanpo egongo den hizkuntza da gurea. Baina gure kasuan, bi aldaerak dira kontuan hartzekoak: bai egindako ahalegina eta baita lortutako emaitza ere. Gurean, ametsa ez baita podium-a lortzea, baizik eta 634 hizkuntza horien artean agertzen jarraitzea eta neurketak egingo diren denboran, mugarik gabe, luzatzea. Nork bere neurgailua baitarabil.