ANITZETAN albiste batzuk irakurtzen ditugu eta erabat harriturik lotu egiten gara, eta bat-batean alarma moduko zerbait pizten da gure burmuinean, edota, kasu honetan, gure bihotzaren habian.

Ez dakit txorizaleak zareten baina gero eta txori gutxiago dago gure inguruan, gure basoetan, gure mendietan. Egia da negu gorria ez dela arorik onena lumadun txikientzat, hotzagatik, elurragatik, eta maiz etortzen diren afrontuengatik, ospa egiten baitute gure herrialdetik hegoalderantz, zaurgarriak baitira erabat. Baina halarik ere, txori falta nabaria sentitzen dut. Sentsazio hori areagotu egiten da esaten dizutenean ia 25 milioi hegazti hiltzen direla urtero Estatuan, eta ez omen da datu fiktizioa. Errepikatu egingo dut: 25 milioi. Zifrak txundituta uzten gaitu. Ez ditut Euskal Herriko datuak ezagutzen baina proportzionaltasuna ezarri ahal zaio zenbaki horri. Eta jakina, heriotza horiek ez dira inondik inora naturalak izaten. Gizakiaren eskrupulurik gabeko aktibitateak hiltzen ditu txori horiek guztiak, gizakion axolagabekeriak akabatzen ditu.

Landetan edota eremu naturaletan altxaturiko azpiegiturekin talka eginez edota elektrokuzioarekin asko hiltzen dira. Linea elektrikoekin izandako kolpeak dira erregistratutako heriotzen herenak. Horren ostean datoz energia berriztagarrien aldeko apustuak ekarritako haize-sorgailuekin izandakoak ere. Badirudi txoriok mugitzen eta beharrezko zaien airea ez dela leku segurua hegan egiteko.

Baina harritu egin nauena da gaur egun ere, harrapaketa asko egiten direla kaiola barnean izateko, txori txiki horien kantuekin gozatzeko. Kaiola eta txoria binomioa esperpentikoa da niretzat. Beste aldetik, asko ere pozoiturik akabatzen dituzte. Horrek guztiak adierazten du gizakiaren esku beltzak, giza jarduera legezkoak eta legez kanpokoak hiltzen dituztela txoriok. Eta hegazti horien amaiera errazten duten kalteek bestelako ondorio bat dakarte, izan ere, espezie anitzek populazio-murrizketa izugarria izan dute, eta izango dute.

Hegadunen bizitza gogorra da zinez, eta gizakiok arriskugarriago bilakatzen diegu.