Erregeak etorri zaizkigu -Orienteko benetakoak- eta langabeziaren azken datuen hondarrak badira oraindik. Langabeziaren datuek hausnarketa sakona merezi badute ere, errazkeriazko epai mardulak berehela entzun ditugu. Ez dira onak, (Espainiako) Gobernua pozik badago ere; faltsuki erabili dira datuak, Sanchez jaunaren loriaren bila. Alderdi Popularraren bozeramaileak esandakoak irakurri ahal izan ditugu datuak eurak ezagutu aurretik.  

Txostena eskuan, asko eta era askotakoak dira datuak. Merezi du informazio osoari begiratzeak, helburua -enplegua denentzat eta kalitatekoa- nola eta noraino ari den betetzen hausnartu ahal izateko. Euskal Herrian, orain urtebete baino gehiago dira enplegua dutenak; zehatz esateko, 4.453 pertsona gehiago dira; 4.047 Euskal Autonomia Erkidegoan eta 416 Nafarroan. Enplegu finkoek ere gora egin dute, aldizkako finkoak barne, halaxe kontatu baitira duela 37 urte estatistikak hasi zirentetik gaurdaino. Hor ez dago inolako tranparik. Halere, urteetan oso urria izan den kontratu-mota horrek hartu duen garrantziak ezinbestekoa bihurtu du ezagutzea lanik gabeko aldien luzera nolakoa den, horretan baitago, batez ere, bere kalitatea.

Zehaztasun gehiagoz, Lanbidek 110.798 pertsona langabe zenbatu ditu; horrek urtebetean %3,5eko jeitsiera esan nahi du. Berri ona da. Halere, 2022ko azken hilabetean 88 pertsonek galdu dute lana. Ez da larriegia baina bai atentzioz jarraitzeko modukoa. Mundu osoaren ziurgabetasun-egoerak zaildu egiten ditu bai ezinbestekoak diran enplegu politikak eta baita merkatuen erabakiak ere. Alde horretatik esan behar da egunkari honek asmatu duela informazioaren eduki garrantzizkoenak azaltzen.

Guztiaren erdian Errege Eguna dugu gaur. Beltxior ta Kaspar bidian axkar axkar, Baltasar Errege, han zan hura ere…. abesten genuen ondarrutarrok. Halako batean Olentzero ezagutu eta Errege Magoei jarkitzeko ere erabili zen ikaskin gisajoa. Gaurko ume eta heldu askok adiskidetu ditugu laurak. Etsaiak gera bitez kanpoan.