Aztarna uztea. Horixe izaten da sortzailerik gehienen xede nagusia, gutxik izaten baitute zaletasuna lanbide bihurtzeko zoria, are gutxiagok diru asko irabaztekoa. Gehien-gehienek aztarnatxo bat, hamarkada batzuk barru ezagutzeko modukoa izango lan bat uztearekin konformatu behar izaten dute. Aldiz, izadiari kalte baizik ez dio egiten giza-aztarnak; zenbat eta txikiagoa izan, hainbat eta hobe. 

Gasteizko Errekaleor auzoa bide da Europako okupazio-gunerik garrantzitsuena. 1950eko hamarkadan langileek eraikitako auzunea berreskuratzea erabaki zuten hainbat gaztek 2013an. 2017an argindarra moztu zieten, eta horrek eraman zituen beste gisa bateko energia-iturriak bilatzera. Urtebete aski izan zuten auzoa energetikoki burujabe izan zedin lortzeko; bertan bizi diren ehun bat lagunek energia-sorgailuen eta eguzki-plaken bidez asetzen dituzte egun oinarrizko beharrak. Oinarrizkoak diot, beraiek aitor-tzen baitute zenbait gailu erabiltzeko modurik ez dutela: “Ez dugu laberik, plantxarik, ile-lehorgailurik edo irabiagailurik. Halakoak erabiltzeko adina energia ez du ematen instalazioak. Oinarrizko beharretarako ematen du soilik.” 

EHUko Ekopol ikerketa taldeak eta Life Cycle Thinking Group-ek egindako lan batek ondorioztatu duenez, Errekaleor auzoko biztanle bakoitzak uzten duen energia-aztarna EAEko batez bestekoarena baino %24 txikiagoa da. Bizimodu komunitarioak eta energia-molde berrien bilaketak badakar, beraz, ondorio onik. Halere, egiari zor, aldea nire usteak baino txikiagoa da. Kontuan izanik zenbait gailu erabiltzerik ez dutela -diotenagatik, ahal balute erabiliko lituzkete- eta Errekaleorreko bizilagunen kontzientzia ekologikoa batez bestekoa baino aise handiagoa dela -ni horretan nago-, %24ko aldea ez zait horrenbestekoa begitandu. Halere, ez dirudi hortik jotzea beste biderik dagoenik.