Gabonak datoz eta pinua jarri behar dugu etxeetan. Gabonetako zuhaitza izaten da sasoi horretako ikur elegante horietariko bat. Aspaldian basora joaten ziren pinu-harrapakariak etxeetan pinurik naturaleena, berezkoena, biziena jartzeko asmoz. Gabonak amaitutakoan pinu hura zaborretan amaitzen zen, etxeko beroak lehorturik, bizitza berdea betiko asfixiaturik. Zorionez, gero eta ohikoak dira Txinatik datozen plastikozko zuhaitz faltsuak, forma berdina dutenak, arimarik eta bihotzik gabekoak direnak. Etxeko egongelan plantatzen dugu makina bat zintzilikario koloretsuz jantzita, eta horra hor gure Gabonetako izpiritua. 

Eta pinuaz ari garela, eta Gabonetako izpirituarekin zerikusi gutxi daukan arren, pinua da gure mendietako zuhaitzik ohikoena eta batzuetan nazkagarriena, azal leuna, berdea edo zuria izaten duten eta papergintzan erabiltzen diren eukalipto pasiboak kenduta.

Euskal Herrian intsinis pinuaren gehiegi landatu da eremu ia guztietan, Bizkaian batez ere, eta hiperlandaketa horrek bestelako baso autoktonoak jarri ditu arriskutan. 

Pinudiak ustiaketa agresiboaren zerra mekanikoaren erasoan jausi ohi dira. Asteburu honetan gertatu zait niri, non eta Altube paraje paradisukoan. Larrazkenean pagadiak kolorerik ederrenetakoen jabe dira, eta horiz, granatez eta laranjaz jantzi dira hostoak. Toki horretako Fagus sylvatica horien inguruan pinuak landatu ziren behinola. Eta orain, lurrera botatzeko garaia heldu da. Altuben, Andotoleta, Burbona, Burgamendi inguruan zeuden pinu-arboladiak, orain modu basatian kendu dituztenak. Eta zein da agerian dagoen parajea? Triskantza, animaleko triskantza bat. Behinola paseo ederra osatzen zuen paisaiak min ematen du orain, berau ikusteak tristura baino ez du ematen. 

Nik dakidala, ustiaketan, inguruan dauden bertoko baso espezietako zuhaitzak ez kaltetzeko arreta berezia jarri behar da, eta gainera, baso ustiaketa amaitutakoan pistak eta bideak egoera onean laga behar dira, zaborra bilduta eta mendia garbi utzita. Bada hori ez da gertatu. Onerako edota txarrerako, pinua protagonista.