Alberto Nuñez Feijook, Espainiako PPren buruak, ez daki nor zen George Orwell, zer eta noiz idatzi zuen. Aholkulariren batek idatziriko testua irakurri zuen lehengoan foro batean, baina aurrez gutxieneko argibide eta informaziorik bildu gabe. Dabilenari gertatzen.

Zendu berri da Mañukorta bertsolaria. Gutariko askorentzat ezezagun diren hainbat gairi buruz gauza biziki interesgarriak konta zitzakeen; aldiz, hanka-motz geratzen zen Nelson Maldelaz edo Perestroikaz kantatu behar zuenean. Hori nor da?, galdetuko zizun lasai ederrean.

Mundu mailan ospe itzela duen sukaldari batek, urtearen buruan hainbat elkarrizketa eman behar izaten dituenak, paper-mutur batean idatzirik eramaten ditu maiz egiten dizkioten galderen erantzunak: irakurtzen ari den liburua, erosi duen azken diskoa... Gutxi irakurtzen du, ez du musika entzuteko astirik, baina berari zein haren aholkulariei lotsagarria begitantzen bide zaie “ni sukaldaria naiz” erantzutea.

Nuñez Feijook dakiena daki, ez du historiako pentsalari guztien bizitza eta obra ezagutu beharrik. Gutariko edozeinek egingo lituzke hanka-sartze barregarriak etengabe erakusleihoan bageunde, edonor da zaurgarri okerrik txikiena noiz egingo zain dauden hedabide eta norbanakoen aurrean.

Nuñez Feijoori eta gainerako hautetsi eta liderrei beste gauza batzuk exijitu behar zaizkie: erantzukizunez jokatzea, herritarren onuraren eta ongizatearen alde borrokatzea, emandako hitzari leial izatea, norberaren pentsakerarekin bat egiten ez dutenenganako begirunea, arazoak konpontzeko borondatea... Feijoo abegitsuagoa zen Galizian gehiengo osoz eta erosoz gobernatu zuen bitartean.

Orain, Espainiako oposizio-buru gisa, bekozkoa eta aho-kiratsa nabari zaizkio, nortasun ahula eta interes makurrekiko mendekotasuna. Orwell ez ezagutzea balitz arazoa... l