Urriaren erdialdean egon arren, oraindik agertzen dira egunkari-aldizkarietan lanera bueltatzeari buruzko artikuluak, edo oporren osteko sindrome ospetsuari buruzkoak. Aurtengo berritasuna sindrome orain arte ezezagun bat izan da, “dena utzi nahi dut” edo horrelako zerbait deitu dutena. Badirudi jende asko konturatzen dela, lanera itzultzean, hobe zegoela hondartzan edo mendian edo herrian, eta agian bizimodua aldatzeko garaia iritsi dela, dena uztekoa, lana, bizilekua eta bikotekidea (baldin badago). Sindromea asmatu dutenek (arlo pribatuan lan egiten duten psikiatra eta psikologoek batez ere) aholkuak ere ematen dituzte krisi horiek gainditzeko. Zerrenda ezaguna da, betikoa: pentsamolde positiboa garatu, motibazio berriak aurkitu, lan esparrua norberaren neurrira atondu, lanaren plangintza zehatza egin, aisialdiaz gozatu, ariketa egin, lagunekin atera, elikadura zaindu, norberaren baitara bildu barne-benekotasuna aurkitzeko... Zin dagizuet azken hori irakurri dudala, eta ez nintzateke harrituko baten batek arrosarioa errezatu edo “zen” meditazioan hastea gomendatuko balu.

Niri, oro har, ondo-edo iruditzen zaizkit aholku horiek guztiak (zergatik ez dago irakurtzea?), baina indibidualistegiak iruditzen zaizkit, eta kontuan harturik oporren osteko ondoezak lanean, batez ere, duela iturburua (nagusi desatseginak, ordutegi txarrak, betebehar gehiegi, soldata txikiak, balizko kaleratzeak, esplotazioa), harritzen nau nola psikiatra eta psikologo horiek albo batera uzten duten lan munduarekin zerikusia duen guztia. Egia da batek lankideekin ateratzea gomendatzen duela; hala ere, ez zaio inori bururatu agian lankideekin lan baldintzez hitz egin daitekeela, lan hitzarmena berrirakurtzea komenigarria izango litzatekeela, edo sindikatu batean izena emateko ordua dela ea guztion artean zerbait konpontzeko gai garen.

Baina zertan ari naiz? Nola konparatu sindikatuak bezalako gauza zaharkitu horiek “mindfulness” modernoarekin? Garaiaren espiritua beste nonbaitetik doa: norberaren arazoak norberarenak dira eta kito.