LAGUN batek esan dit etorkizuna iragartzen duen azti horietako batengana joan dela. Bai, denetarik dago nire lagunen artean. Dioenez, iragarlea gai da buruan dituzun ahotsak entzuteko, hau da, aditzen ditu zuk zeure buruan entzuten dituzun beste pertsona batzuen ahotsak. Sartu zenean, iragarleak kopeta zimurtu eta esku bat belarrira eraman omen zuen, jendetzak aldi berean hitz egingo balio bezala. “Uf, jende asko duzu hor hizketan”, esan zion.

Behin hori kontatu zidanean, ez nion gehiago galdetu esperientzia hari buruz, ezta iragarle batengana joatearen arrazoiagatik ere, hori bazen ere derrigorrezko galdera. Agian laguntza behar zuen, entzungo zion norbait, eta ez zekien nola eskatu. Baina inguratzen gaituzten ahotsen ideian harrapatuta geratu nintzen, eta hortik aurrera ezin izan nuen beste ezertan pentsatu.

Zer ahots dituzu inguruan? Ze ahotsek inguratzen zaituzte? Neure buruari galdetu nion. Eta ahots horiek zeintzuk izan zitezkeen imajinatzen nengoela, ikusi nuen neure burua, lan bat bukatu gabe uzteko zorian, eta bat-batean nire barruan amaren ahotsa entzunez: ez dozu itxiko hori erremata barik, ezta?; Edo fikzioren bat idazten eta bat-batean irakurle baten ahotsa: Benetan? Hori ez da sinesgarria, mesedez, ezabatu.

Garrantzitsua da konturatzea zein diren ahots horiek, gurekin bizi direnak, eragin handia izaten baitute gure erabakietan. Eta eragin handia dutelako, hain zuzen ere, beharrezkoa da gizarte honetako erabaki guneetan dauden pertsonei, izan kargu politiko bat edo epaia eman behar duen epaile bat, besteak beste, ahalik eta ahots gehien iristea. Izan ere, aniztasun horren araberakoa izango baita erabaki orekatuak hartzeko izango duen gaitasuna. Honelako kasuetan onuragarria da jende asko edukitzea hor barruan hizketan, igarleak nire lagunari esan zion bezala.

Eta zuk? Galdetu al diozu zeure buruari zein ahots entzuten dituzun hor barruan? Ziurrenik ez duzu iragarle batengana joan beharrik haiek identifikatzeko. Badakizu zeintzuk diren eta zenbat esaten duten zutaz. l