IRAGANKORRA eta iraungikorra da telebista. Egun batean ezinbesteko direnak, edo hori pentsarazi zaienak, bazterrean geratzen dira biharamunean. Asko dira nonahiko eta zeinahi hizkuntzatako telebistetan aurki daitezkeen adibideak. Geurean urte luzez arrakasta handia izan zuen aktore on bati aspalditxo esan zion gure telebistako arduradun ohi batek: hire irudia erreta zagok. Eta geroztik hor dabil, bestelako lanetan murgilduta, kementsu bezain duin. Kontua da ez dela oso ondo ulertzen nola litekeen aktore bat aspaldi erreta egotea eta, aldi berean, kate bereko hala moduzko saio batean haren auskalo noizko esketxak ia egunero agertzea. Egindakoak eginda daude, eta egin zituenak haiek nahi beste aldiz erakusteko ahala eman zion hori egiteagatik ordaindu zion medioari. Ez dirudi legez kanpoko ezer egiten ari direnik. Beste kontu bat da zuzena eta egokia izatea.

Kalean gurutzatutako ezagunen batek “atzo ikusi hindudan telebistan” esaten didanean, ezin izaten dut jakin zertaz ari den, bezperan emandako pilota jaialdiaz edo duela hamar-hogei-hogeita hamar urte egindako zernahiz. Profesionalki ase nauten lan asko egiteko zoria izan dut. Egin beharrekoa hura zela sinetsita ari izan gara, garaiak eta lekuak hura eskatzen zuelako uste osoz. Hor dago gakoa, garaian eta lekuan. Leitzako inauteetan euli-mozorroz edo Hondarribian bikingo-kaskoz bertsotan aritzeak balio zuen; Donostiako belodromoa lehertzear zela txapelaren lehian aritu ginenean, huraxe egin behar zela sinesten genuen; Sorginen Laratzean Elvisen imitazioa egiteak bazuen zentzua… Egoera horiei guztiei garaia eta lekua kentzen badiezu, testuingururik gabe erakusten badituzu, ez dute deus balio, ez damaio ezer onik inori, ez hor itxuragabetzen diren aktore, aurkezle, bertsolari edo zernahi eratako artistei eta ez erakusten dituen kateari. Ene aktore adiskidea erreta dago, bai, baina ez lanak. l