Francoren diktadurapean ez zen Aste Nagusirik. Egun irudikatu ezingo genukeen formatoan ospatzen zen bilbotar gehienentzat arrotza zen Semana Grande deitzen zena.

Corte Inglés-ek 1973an Semana del Deporte Rural Vasco eratu zuen. Arrakasta ikusita, hurrengo urterako proposamenak jasotzeko lehiaketa otu zitzaizon. Baina Pilar Careaga alkatea ez zegoen bitxikeria horietarako prest.

Zorion Egileorrek 1977an Herri Irratian aldarrikatu zituen Bilborako beste hainbat herri txikitan abian ziren kalejirak, euskal dantzak eta enparauak. Oihartzunak milaka lagun atera zituen kalera, ikurriñak, txistulariak eta dantzariak lagun zirela. Udal Kudeaketarako Batzordeak hurrengo urterako gauzak aldatuko zirela iragarri zuen mezu argi batez: “Bilbotarrak gai izan behar dugu herri-jaietarako ideiak jaso eta ekarpenak egiteko …. …. denon artean Bilbo hobetzen joango gara”.

Ideien lehiaketa antolatu, 37 egitasmo aurkeztu eta lehen saria Txomin Barullok jaso zuen. Bigarrena Txinbo Zarrak. 1978ko ekaina zen eta abuztura arteko tartea urria bazen ere indartsua zen jai gogoa. Dinamizatzaileak behar zirela-ta, horra Konpartsen sorrera: baldintza, gitxienez 50 kide zituen lagun-taldea eta fanfarreduna izatea. Konpartsa bakoitzak bere txozna jarriko zuen jaia girotzeko. Ezina ekinez egina.

Urteak joan dira baina Aste Nagusiak gaur ere herritartasuna dario, edozein bazter zein jardueretan ikusi daitekeenez.

Halere, Bilbo ez du loak hartzen. Euskal Herri osoa bezala, betikoa eta berria da. Aurtengo Aste Nagusiaren berritasun berezietako bat, Jazzon Aretoa da. Guggeneheimeko kontzertu-multzoari jarraipena emanteko sortua, Aste Nagusian ireki ditu ateak artistei erakuslehioa eskaini eta urte osoan bere onena emateko. Jazz-ak ez du erraldoitasuna lagun; bai ordea txoko bereziak eta apainak. Badoakigu jai astea baina Gasteizen, Donostian eta Getxon gozatzen dugunoi Aste Nagusiaz gaindi ere Jazzon Aretoak emango digu Bilbon jazz-a dastatzeko aukera ederrik. Hala bedi.