Hezkuntzaren gogoeta ezin falta, etorkizuneko gizarte euskaldun eleaniztuna aztergai duen mintegian. Gure hezkuntza sistemak badu ekitate zein bikaintasun esparruetan zer irakatsi eta baita zertan hobetu ere. Baieztapen honen ondorioa da, hain zuzen, Legebiltzarrean inoizko adostasunik zabalenaz onartua den Euskal Hezkuntzaren eraldaketarako Oinarrien Akordioa. Bistakoa da euskararen normalizazioan hezkuntzak duen garrantzia, Euskararen Legeak berak ere aitortzen dionez, horixe baino ez baita XXI. mendeko gizarte euskaldun eleaniztunen iturri nagusia. Gainera, eragile eta bidelagunak baditu, alderdi formaletakoez gain.

Eremu honetako datu adierazgarri batzuk ematearren, biztanlegoaren % 50tik behera euskaldun duten herrietan D ereduan ikasten duten 6-12 urteko ikasleen %58ak euskaraz egiten du ikastetxean; aldiz, % 50etik gorako euskal populazioa duten herri edo eremuetan, ikasleen %80ak darabil euskara ikastetxeko harremanetan.

Familiaren eragina azpimarragarria da zalantzarik gabe, bera baita lehen erreferentzia, ikas-ereduen hautua egiten duena eta, hein handi batean, euskararenganako sentiberatasuna transmititzen duena. Datuek diote D ereduan eskolatutako ikasleek euskararen ezagutza maila formalari eutsi egiten diotela. Ez dakigu, ostera, zer gertatzen den ezagutza ez-formalarekin, ezta ere aldagai biok, familia eta eremu soziolinguistikoa, gurutzatzen direnean zeintzuk diren emaitzak, errealitstean biak batera eragiten baitute.

Ikastetxe bakoitzak bere diagnostikoa egin behar du eta tokian-tokiko beharretara egokitzeko jardunak eta estrategiak planifikatu, udalekin, familiekin eta oro har, bidelagun izan daitezkeen eragileekin elkarlanean. Hizkuntza-helburuak argi daude: ikasle guztien nahikotasuna –eta ahal bada bikaintasuna lortzea Europan homologatuta dauden mailetan; esan nahi da euskaldun eleaniztunak heztea.

Erronak ez da makala. Baina neurria hartuko diogu errealismoa eta baikortasuna eraikitzaileak idena ikasia baitugu.