Otto Pette
Bertan Erdi Aro berantiar -Errenazimendu garaian izurria lehertzen den erreinu- hiri baten gorabeherak kontatzen zaizkigu. Eskala sozialean krudeltasunaren arma erabilita gora egin duen buruzagia, Pette, izendatu du erregeak izurritearen kudeaketaren buru bakar. Gaixotasunari aurre egiteko beharrezko neurri zorrotzak ezarri ditu: gorpuak erretzea, garbitasun neurriak, karrikak hutsi dituen bakar-tzea. Nola salbuespen egoera horrek gizarte horren aldamioa azalarazten duen (arrazismoa, pagaburuen beharra, batzuen lukurreria, beldurra, boteredunen koldarkeria) hala argitzen du bizitzen ari garen pandemiak azken hamarkadan gertatutakoa, alegia, publikotik pribaturako diru eta baliabideen eskualdatze itzela. Madril aipatzen da adibidetzat, baina gurean ere gertatu da, eta ez bakarrik osasungintzan.
Lertxundiren nobelan korte osoa hiritik ihes egina da kutsatzeko beldurrarekin; berdin egingo dute eliteek Covid19aren aurrean? Douglass Rushkoff-en New Yorkeko unibertsitateko irakasleari, zeinak teknologiak etorkizunean izango duen eragina aztertzen baitu, diru-tza pagatu zioten aberats batzuek hitzaldi bakarra emateko. Berak berrehun lagun inguru esperatzen bazituen ere, 5 gizon, zuri, adin ertaineko, eseri zitzaizkion aurrean. Rushkoff ohartu zen interesa ez zela teknologia eta etorkizuna, baizik munduaren kolapsoaren aurrean haien buruen salbaziorako bideak argi ziezaizkien. Boteredunak beti elkartasunaren aldeko.
Covid19aren pandemia pasako da, baina mundua gelditu eta beste sistema bat posible ote den gogoeta egiteko baliatu beharrean, irudipena dut ondoren mundu okerrago bat geldituko zaigula: hartutako salbuespen neurriak aurretik hartutako salbuespen legeei gehituko zaizkie eta eragingo duen krisialdi ekonomikoa betikoek pagatuko dute: langileek, prekarioek, kolokakoek, pobreek.