PABLO Iglesiasi kazetariak adur txarrez preso batzuen irteerari buruz galdetzen dion elkarrizketa horretatik ez nau kazetariaren galdera maltzurrak harritu; ez eta, onartu behar, Pablo Iglesiasen erantzunak, bai, ordea, zapuztu. “Ez da poz kontua” erantzuten dio, gero PSOE eta PPk Espetxe Politika erabili dutela gehitzen du.
Ez da argi gelditzen legeak dionaren kontra erabili duten Espetxe Politika, ala haien interes partidisten mesedetan. Niri ordea argi gelditzen zait Pablo Iglesias kokildu egiten dela kazetariak ordezkatzen duen ETArekiko Espainiako diskurtso nagusiaren aurrean. Erantzun beharrean -beti ere nik gustuko nukeen moduan- “galdera zitala egin didazu, ze hemen segur aski, gertatu denarekin ez dira etarrak beraiek ere pozten; askaturiko presoei dagokienez, atera badira haien kondena beteta aterako ziren, eta kanpoan baldin badaude jende askea dira, moralki arbuiagarriak, beharbada, baina legalki eskubide osoko hiritar, indarrean dagoen legediaren arabera”. Eta jarraitu “dena dela, arbuio eta gaitzespen guztiak aurretik paraturik, Podemosetik uste dugu ailegatu zaigula garaia Euskal Gatazka deritzon hori konpon-tzen hasteko. Ez dakigu nola, ez daukagu erantzun zehatzik baina uste dugu ezin dela arazoa usteltzen utzi, Estatuak eutsi egin behar dio afera horri eta aurrera egin. Betebehar etikoa da”. Euskal Gatazkaren konponbidea, garbitzea, gatazkaren arrazoien eztabaida, biktimei barkamen eska-tzea, antzestea, telebista programa bat egitea afera nimino eta ergeltzat jo dute Espainiako partidu handiek zein Estatuak berak. Ez da harritzekoa afera askoz handiagoa -Gerra Zibila eta Frankismoa- ahanztea nahiago duten partiduen ikuspuntutik.
Politika ere kapitalismoaren logikak darabil; Euskal Gatazkari benetan eusteak -haren garbitzea, esan dezagun-- ez du boto etekinik; zertarako galdu denbora, orduan, krisiak, politikoen ergelkeriak, ustelkeriak boto etekin handiago emango badute? Etikagatik, izan beharko luke erantzuna; gauzak aldatu nahi dituen partidu politiko batek ,batez ere, koherentzia etikarekiko atxikimendutik lotuko lukeelako. Etika. Oso antzinako gauza.