NORBERAK jakin beharko luke zeintzuk diren dituen asmo eta helburuak Europaz. Nik neuk ditudanak: Europa federal, sozial eta demokratikoa, non Euskal Herriak -estatudun nazio euskaldun europar legez- bere lekua ukan lezakeen. Alabaina, urteak joan urteak etorri, ez dut an-tzematen horretara hurbiltzen ari garenik. Dakusadan Europa gustuko ez dudalako eta bestelako Europan esperantza galdurik ez dudalako, Europari buruzko ene objekzioak aurkeztu nahi nituzke, europar hauteskundeen harira:

Europar hauteskundeek ez dute balio -ezta oraingoek ere- europar politikak definitzeko edo aldatzeko, europar hauteskundeen bitartez ez baita europar gobernurik hautatzen. Europar Parlamentuak ez du ahalmenik Europar Batasunaren bilakaeran erabakigarri izateko, EB ez delako sistema parlamentarioa. EBren gobernantzarako hautapen nagusiak beste instituzio batzuetan hartzen ohi dira: (Europar Kontseiluan, Europar Banku Zentralean, edo Eurotaldean), zeinen osaketak ez dauden loturik europar hauteskundeei. Bestetik, estatukideetan hautatzen diren instituzioek galdu egin dute politikan erabakigarri izaten jarraitzeko ahalmena. Marko estataletan tokiko parlamentuek galdu egin dute politikan erabakigarri izateko boterea, arlo askotan zituzten eskumenak esleitu egin direnez gero europar instituzioetara. Beraz: a). hauteskunde estatalek ez dute balio politika ekonomiko, monetario edo budgetarioak defini-tzeko, zeren haien nondik norakoak Europaren Batasunaren baitan erabakitzen baitira; eta b). europar hauteskundeek ere ez dute balio europar politikak definitzeko. Hauxe, labur bildurik, bizi dugun paradoxa parademokratikoa: demokraziarik gabeko politika eraiki dute Europar Batasunean eta politikarik gabeko demokrazia garatu da estatukideetan.

Demokrazia ahulduz joan den heinean, indartuz joan da teknokraziaren rola, zein ondo loturik baitago korporazio handiekin. Federazio demokratikoa bultzatu beharrean, Eurotaldea bezalako gunea eratu dute politika ekonomikorako erabakirik garrantzitsuenak har daitezen. Eurogune deiturikoa, talde informala izateaz gain, formalki EBren markotik at dago, atxikirik nazioarteko Tratatu bati, -Europar Egonkortasun Mekanismoaren Tratatuari-, eta beraz Parlamentuaren edo Auzitegiaren kontroletatik kanpo. Eurotaldean, ez egotearren, ez dago ezta bileren aktarik ere; erabakiak beste nonbait sukaldatzen omen dira, Eurogunearen lantaldean esaterako, non opazitatea handiagoa baita. Ez ikusiarena egin arren, bistan dago Europako Nacht und Nebel demokratikoa sakon hedatu dela instituzioen eginkizuna lanbrotzeraino; adibidez, Europar Parlamentuan, non 5 bozketatik 4tan popularrek, sozialistek eta liberalek batera bozkatzen duten, edo Europar Kontseiluan, non erabaki gehienak bozkarik gabe, “konsensuz” hartzen diren. The powers that be delakoek lausozko Europa eraiki nahi izan dute, hauteslegoaren kontroletik urrun.

Teknokraziaren nomenklaturaz ere hitz ba-tzuk, zeren kuestio hauek ere Europako auziaren parte baitira. Nondik datoz, esaterako, europar politikari nagusiak? Zeintzuk izan dira haien trajektoriak EB-ko agintetara heldu aurretik edo kargudun izan ostean? Izen gutxi aipatzearren, eta aunitz badira, nork daki bada, esaterako, Tajanik, gaurko Parlamentuaren lehendakariak, bere ibilbidea Berlusconiren alderdian hasi zuela, Il Cavaliere-ren lehen gobernuko bozeramaile rolean? Edo ezaguna al da Juncker gaurko Batzordeko lehendakariak Luxenburgo bihurtu duela korporazio handientzako paradisu fiskal, hogei urtetan ekonomia ministro eta lehen ministro kargudun izan den bitartean? Edo ba al dakigu Barroso, aurreko Ba-tzordeko lehendakaria, Azoretako hirukotearen anfitroia, hamar urteko agintaldiaren ondoren, joan zela Goldman-Sachs-era lan egitera, non ere lan egin baitzuen Europar Banku Zentralaren egunengo presidenteak, Mario Dragui Jaunak? Edo jakitun ote gara, azken hau Goldman-en Europarako arduradun zelarik, Greziari, euroguneko kide bihurtu zedin, estatistika faltsifikazio erraldoia baimendu zitzaiola? Benetan uste al dugu bada zaindari hauekin fruitua emango duela Europako arbolak?

Instituzioaz eta teknokraziaz haratago, EBren baitan kontrakotasun garrantzitsuenak zerikusi zuzena du, ene ustez, integrazioaren eta neoliberalismoaren paradigmen arteko talkarekin. Nola ulertu bestela korporazio handiei bermatzen zaien fiskalitaterik eza, eta autonomoei eta soldatapekoei lepo gainean jartze zaien zergaren karga? Edo euroak Alemaniari dakarzkion onurak eta hegoaldeko ekonomiei aldiz eurotik datozkien desabantailak? Datuek irmoki diotenez, egon den hazkundearen apurra, iragan mendeko 70. hamarkadetik hona, oso esku gutxiren artean banatu da, eta biztanleriaren parte handia gero eta okerrago bizi da. Gazteriari, bereziki, etorkizuna goibel datorkio, dela prekaritatea, soldata infimoak eta orotara emanzipatzeko aukera gutxiko Europa sustatu delako. Aurton, esaterako, Euskadin kasik kontratu erdiek hilabete bateko luzapena baino laburrago izan dute. Aldi berean, ihaz Ibex konpainietako goreneko exekutiboek, krisialdi aurretiazko etekinak bitandu zituzten, enplegatu ertainaren soldata baino 100ka aldiz handiago jasorik.

Bruselatik inposatu diren austeritate politiken ondorioz, estatukideen arteko diferentziak eta populazioaren artekoak emendatuz joan dira. Euroak ez ditu distantziak apaldu; aldiz, ekonomien artean ezinegonak bultzatu ditu. Hegoaldeko ekonomiek jada ez dute debaluazioaren bitartez aukerarik izaten lehiakortasuna berreskuratzeko, eta, beste aldetik, markoguneko ekonomiek ez diete hegoaldekoei transferentziarik egin nahi pilatu diren desorekak moteltzeko, dela: zorraren mutualizazioaren bidez, dela altxor europar sorreraren bitartez, edo Eurogunerako aurrekontua egokituz. EBko instituzioen gerizpean dagoen agintegune nagusiak, -Bundesbankek- gisa horretako proposamen orori ezetz esan dio.

Europan, iritzi publikorik ez dagoelako erraztu da EBn nagusitu den gobernantza oligarkikoa. Gaurdaino behintzat, Europan iritzi publikoak estatuaren dimentsioa du, eta EBrekiko informazio gutxi dagoenez gero, gabezia horrek erraztu egiten ditu Europatik datozen politikak. Bestela, ezina litzateke, hainbat erabaki hartzea, estatukideetan dagoen arreta mediatikoarengatik. Esangura-tsua da oso, 60 urtetan europar tamainuko hedabiderik ez zela sortu, noiz eta hori gauzatzea -dauden aurrerapen teknologikoei esker- inoiz baino errazago izan zitekeen. Beraz, arestian aipaturiko opazitate instituzionalari gehitu behar zaio opazitate informatibo eta komunikatiboa.

Euskal Herriaren autogobernuari dagokionez esan beharra dago honetaz ere espektatibak ez direla bete. Exilioko belaunaldiak europar integrazio prozesuan espero zuena, hau da, Europak lekua egingo ziokeela Euskadiri, ez da gauzatu. Geroari begira, konfidantza areago gutxitu da ikusita zer tratu eman dioten EBko instituzioek Catalunyari. Bestaldetik, kontutan hartzekoa da, EBren bitartez, nazio espainiarra ordezkatzen duen Estatuak berarentzat hartu dituela, Euskadiri edo Nafarroari legozkien eskumen asko. EBko instituzioetan botere zentralek duten posizioagatik eta gaurko gobernantzan eskumen gehienak EBarekin partekatzen direlako, autogobernuaren ahalmenak zeregin administratiboetara mugatu dira. Ondorioz, autonomian baino heteronomian bizi gara.

Legitimazio demokratiko apalaren, ate birakarien edo europar iritzi publikoaren gabezia ez dira, ene iritziz, txikikeriak. Aldiz, EB-k berezko duen izakera politiko-ekonomikoaren oinarrizko ezaugarriak. Zilegi bekigu, beraz, itaun egitea: nora goaz Europa honekin?