Síguenos en redes sociales:

Anai zaharren lur gazte

Inbidia ematen dit Catalunyan gertatzen ari denak. Inbidia ematen dit hango gizartearen sendotasunak eta irmotasunak. Ez dut esan nahi hemen berdin egin beharko genukeenik, ez; herri bakoitzak aurkitu behar du bere bidea. Baina gaitasuna behar du adostasunak lortzeko

ANAI zaharren lur gazte borrokan ezaguna / ttiki geralako haundi aurkitu nahi duguna. / Guregana zugandik datorkigu eguna, / itsasaldeko eguzki bero eta biguna. / Zu zera beste aberri, etxe hurbil maitea / jakituriak gure-tzat mugan duen atea. / Hemendik aldegin eta behar balitz joatea / zure altzoan nahi nuke jasoa izatea. / Oh, Catalunya! / Itsas ilun honetatik zure argi haundira / bihotz-begiak zabalik nagokizu begira. / Urteak eta mendeak zugan irauten dira / eraman gaitzazu azkar askatasun berrira. / Etzera zekenen hobi, baizik langile lurra / Euskadiko haur ttikiak duen anai zuhurra. / Zure itzalak uxatzen dit heriotzaren beldurra, / inoiz errausten ez dena baita zure egurra". Horrela kantatu zion Xabier Letek Kataluniari, azken hilabeteotan horrenbeste hizpide ematen digu herriari. Zergatik dakart gaur kantu hau lerro hauetara? Hango gertakizunak ikusita neuk ere "anai zaharren lur gazte" ikusten dudalako eta niri ere (eta uste dut ez naizela bakarra) handik datorkidalako azken boladan "itsasaldeko eguzki bero eta biguna" eta ni ere "bihotz-begiak zabalik" nagokielako begira.

Zergatik dut halako sentipena? Inbidia ematen didalako han gertatzen ari denak. Inbidia ematen dit hango gizartearen sendotasunak eta irmotasunak; ez bakarrik irauteko, nahi dutena, aldarrikatzen dutena indartsu (eta bakean) defendatzeko erakutsi diguten ahalmenak. Indartsu atera ziren kalera 2010eko uztailaren 10ean beren legebiltzarrak, Parlament-ak, gehiengo zabal-zabalaz onartu zuen Estatutuarekin zer egin zuten ikusirik, Konstituzio Auzitegiaren kontrako sententziaren berri izan zutenean. "Momentuko beroaldia! Lasaituko dira, pasako zaie" pentsatuko zuen batek baino gehiagok. Baina ez, ez dira lasaitu, "ez zaie pasa". Kaleak jendez bete ziren berriro iazko irailaren 11n. Eta aurten? Bihotz-begiak zabalik nagokie begira, gizarteak hartu duelako gidaritza, gizarteak hartu duelako bere gain antolamendua, alderdi politikoen arteko eztabaida eta ika-mika guztien gainetik. Ezaguna egin zaigu ANC, Assemblea Nacional Catalanaren sigla, "lan asko dugu egiteko, eta guztion artean egin behar dugu" aldarrikatzen duen batzar nazionala. Ez dago esan beharrik nolako erantzuna eman dioten katalanek mugimendu honi. Hemen, ordea, ezinezkoa zaigu antzeko ezer antolatzea; bat etorri dira horretan, ikusi ahal izan dudan neurrian behintzat, galdetu zaien soziologo eta adituak. Bat nator neu ere. Bide luzea dugu oraindik egiteko; armak isildu dira, baina benetako bakea dugu eginkizun; zauri asko ditugu oraindik ixteko, sufrimendu asko, iraganeko okerrak, aitortzeko. Agian gehiegi eskatzea izango da berradiskidetzea, nahikoa izango litzateke elkarren ondoan, elkarrenganako begirunez bizitzen ikastea. "Proposamena horiengandik badator, kontuz!", urrun gaude horrelako errezeloak gainditzetik. Urrun gaude, Katalunia jartzen duen lekuan Euskadi (ala Euskal Herria?) jarri eta "Organització popular, unitària, plural i democràtica que té per objectiu recuperar la independència política de Catalunya" moduko bat osatu ahal izatetik; horrela definitzen baitu ANCek bere burua. Eta aipatu berri dudan hau, ez da batere kontu hutsala. Euskadi zer den, Euskal Herria zer den, bietatik zein erabili behar dugun? zenbat eztabaida eta zenbat lerro horretaz idatziak; zenbat hizpide hedabideetan. Han ere badituzte Balear uharteak, badute Valentzia, badute euren "iparraldea"; badakite Països Catalans erabiltzen. Baina, oraingoz behintzat, ANCek eremu mugatuagoa du helburu. Ez dut esan nahi hemen berdin egin beharko genukeenik, ez; herri bakoitzak aurkitu behar du bere bidea, ez besteena kopiatu. Baina gaitasuna behar du adostasunak lortzeko.

Hortaz, gizartearen gidaritza ezinezkoa bada, zer espero dezakegu alderdi politikoen gidaritzatik? Alderdi abertzaleak ditugu batetik, egoitza nagusia Espainian dutenak, bestetik. Aste honetan bertan irakurri diogu Markel Olanori zein den EH Bilduren estrategia, EAJ/PNVren desgastea. Nabarmen Gipuzkoan eta lurralde horretatik kanpo ere ez dirudi legebiltzarrean bi alderdien arteko adostasunak ugariegiak direnik. Abertzaletasunaren gidaritza nork hartuko duen, horixe da auzia. Eta gainerako alderdiak? Ikusi dugu arlo ekonomikoan gai izan direla, batzuk behintzat, ituna ixteko. Zer gertatuko da autogobernuaren gaian? Urkullu lehendakariak argi utzi du legebiltzarren badela garaia status berri baterako urratsak emateko. Aurreko hamarkadan ere egin zen saioa, ate-danbateko handi batez amaitu zutena. Zein izango da oraingoan erantzuna? Izango al da borondaterik, izango al da aukerarik batzuen eta besteen onarpena izango duen testua idazteko? Ala aurreko urteetako erantzun berak hartuko ditugu? Kimerak, herria zatitzen duten jarrerak? Askotan esan da, baina behar beste bider esan beharko da, dikotomia faltsua da "benetako arazoak, eguneroko arazoak" / "autogobernua". Autogobernuak ekarri gaitu gaur gauden lekura (hobeto esanda, autogobernuak eta horrek eman dizkigun aukerak kudeatzen jakiteak) eta, aldi berean, badaramatzagu hogeita hamar urte ikusten nola ari diren murrizten 1979an onartu zen Gernikako Estatutua; krisiari aurre egiteko geure neurriak hartzeko aukerak ere nola ari zaizkigun uka-tzen Madriletik datozen lege eta dekretuen bidez. Munduan ez omen da lurralderik estatu baten barruan guk baino autonomia handiagorik duenik, hala esaten digute. Baina gero, azken-azkenak baino ez aipatzearren, ukatu egiten digute soldataren zati bat ordain-tzeko aukera; ukatu egiten digute osasunaren alorra kudeatzeko eta errezetan ordainketari buruzko neurriak hartzeko; laster ikusiko dugu geure hezkuntza-sistema kudeatzeko zer aukera utzi nahi diguten (esperantza handirik ez, lege-egitasmoa ikusita). Hori guztia hala izanik, izango al da aukerarik zintzoki errealitatea zein den aitortzeko? Hemengo alderdien artean adostasun zabalak lortzeko? Ala berriro ere "legea" eta "konstituzioa" izango ditugu muga eta sabai? Legearen barruan egin ziren aurreko ahaleginak ere, Gernikako Estatutuak berak markatzen duen bidea goitik behera errespetatuaz. Eta gehiengo osoz onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Estatutu Berrirako proposamen hura. Hura igaro zen, badakit. Gaur 2013an gaude eta ahalik eta babes zabalena izango duen testua lantzen hasi beharko da. Zer ibilbide izango du? Gaurko legebiltzarraren osaera ikusita esaten da gehiengoa abertzalea dela. Izango al da borondaterik, izango al da aukerarik etorkizuneko bizimodua arautu beharko lukeen lege-testua idazteko? Izango al da borondaterik, izango al da aukerarik abertzaleen eta bestelako identitate-sentimendua dutenen artean horrelako zerbait egiteko? Onartuko al dute identitate-sentimendu diferenteak daudenean egoera horri erantzun behar zaiola eta hori ez dela, inondik inora, herria zatitzea?

Etxeko lanak eginda ere, Madrilekoak izango ditugu zain ondoren. Babes zabaleko testua onartu zuen Kataluniako legebiltzarrak, "cepillado, y bien cepillado". Erresuma Batua eta Eskozia, Kanada eta Quebec, Danimarka eta Groenlandia, adibide ederrak herrien nahiaren arabera legeak nola egokitzen diren; adibide ederrak nola dagoen legea herriaren zerbitzura. Bere burua ez-abertzaletzat daukan Juan Jose López Burniol-ek irailaren 21ean La Vanguardian idatzitako "El desenlace" artikulu gomendagarriko lerro batzuk ekarriko ditut hona. Honela dio: "Se ha vuelto a ver y, al verlo, sentí aquella emoción que provoca siempre la contemplación de un grupo humano unido pacíficamente en pos de un ideal colectivo que trasciende del interés individual inmediato. Y pensé que esta es la fuerza, soterrada y perenne, de Catalunya: un sentido de comunidad que viene de lejos y que quiere proyectarse al futuro, una voluntad de ser que permanece incólume, pese a todos los avatares, desde la capital hasta el último rincón de la tierra catalana". Eta etorriko diren ekimenei Espainiako gobernuak nolako erantzuna emango dion aurreikusi ondoren, horrela amaitzen du: "Sólo la franca aceptación de la consulta por el Gobierno de España podría aún impedir este proceso inexorable. Pero no será así. La clase dirigente española repetirá viejos errores provocados por la ignorancia, consolidados por el egoísmo y sostenidos por la soberbia. Y, cuando llegue la debacle, aún tendrá la desvergüenza de quejarse de un destino que ella ha contribuido más que nadie a forjar. Por ello, antes de que todo esto suceda, quiero dejar constancia expresa de mi repudio, de mi desdén y de mi pena por esta actitud suicida".

Berriro esango dut, herri bakoitzak bere bidea egin behar du eta une bakoitzean mahai-gainean jarri behar dituen eztabaidak jarri. Baina gure azken hamabost urte hauetako bidea eta Kataluniako gaurko egoera ikusita, "anai zaharren lur gazte, bihotz-begiak zabalik nagokizu begira".