GARAI hartan, XIX. mendeaz ari naiz, Estatu espainolean zegoen ez-alfabetatze indizea oso altua zen eta gure kasuari gagozkiola alfabetatzea (gaztelerazkoa) Estatuko beste herrialdeetan baino altuagoa. Alfabetatze eta eskolatzearen lehenengo formalizazio eta sistematizazio ahalegina Madriletik etorri zen, 1857ean ebaztutako Moyano legearen eskutik hain zuzen. Estatu espainolak, Estatu fran-tziarrak eraiki zuen eskola eta hezkuntza sistema guztiz jakobino ereduari jarraiki, lege zentralista eta homogeneizatzaile hau agindu zuen. Lege honek Estatu espainoleko hezkuntza administrazioa antolatzeko eta finkatzeko izan zuen garrantzia eta eraginkortasuna oso nabaria izan zen. Hainbat araudi, agindu eta legez baliatuz udal eta Foru aldundiengan eskusartze eraginkorra lortu zuen. Eta era berean, eskoletan, gobernu organoak irakatsi behar ziren gaiak, gaztelaniaren inposizio lotsagabea, ikuskaritza, eskolen kopurua, irakasleriaren prestakuntza, eta abar luze bat arautzea lortu zuen. Irakaskuntzan Espainiarekiko erabateko menpekotasun sarea sortu zuen beraz. Ez zegoen eskapo egiterik. Lege honek, eta ez da harritzekoa, erantzun gogorrak jaso zituen, bereziki Foru Aldundien eskutatik.

Ondorioetako bat, txarra benetan euskaldunontzat, irakasleriaren izendatzea izan zen: maisu-maistren izendapena Estatuari zegokion. Eskolaren kontrol ideologikoa ere hertsiki lotu zuen, eta honekin batera, noski, inspekzioaren eta ikuskarien kontrol estua gazteleraren aldeko jarrera eta euskararen aurkako politika beligerantea bultzatuz. Helburua argia zen, hezkuntza politika zentralista bat garatzeko lehen urratsak eman. Ikasle gehienak euskaldun elebakarrak ziren, irakasleak gazteleradunak, eta noski, honela, ikasle-irakasle harreman gatazkatsuak eta istilutsuak sortzen hasi ziren. Hezkuntza beraz eszenatoki liskartsua bilakatu zen. (Wert legea, ez da ez, zentralisten eta jakobinoen lehen saiakera izan alajaina, ez eta azkena izango ere. Dena dela, besteak etorri eta joan egin ziren bezala, Wert lege hau ez al da hona inoiz iritsiko ere).

Ikasle euskaldun elebakarrak gazteleraz hitz egin zezaten zigorra eta iseka erabiltzen zen, hauen artean zoritxarrez ezagunena 'eraztuna' izan zen, Ipar Euskal Herrian ere ezartzen zena, hain zuzen ere. Ondorioz ikasle euskalduna etsipen eta beldurrez joaten zen eskolara. Ikasle arruntak bi aukera zituen: bat, eskola porrota eta ikasketarako ezintasuna nabarmendu, ala bi, euskara alde batera utzi eta gazteleraren bidetik jarraitu. Bidegabekeri galanta benetan, porrota ala ezinbesteko men egin beharra.

Aipatu dugun Moyano lege uniformatzaile eta zentralista hau, beste testuinguru politiko legislatibo orokorrago baten osagaia izan zen. Espainiaren batasuna zen bermatu beharrekoa. Eta honela, Euskal foruen galerak euskal gizartean erantzun bat, urteetan zehar sendotzen zihoan erantzun bat ekarri zuen euskararen eta euskal kulturaren defentsan. Euskara eta Euskal kulturaren aldeko erreakzio honek isla desberdinak izan zituen, hala nola Iruñeko Asociación Euskara de Navarra (1877), Gasteizko Revista de las Provincias Euskaras (1878-1879), eta Donostian, Jose Manterolak hasitako mugimenduaren ondorio izan ziren Konsistorio de los juegos florales euskaros eta Euskal-Erria aldizkaria (1880-1918), eta, kronologikoki beranduago Bilbon Resurrección Maria Azkuek eta Sabino Aranak suposatu zuten kultur ekarpena.

Pizkunde honetan euskarak benetako loraldia ezagutu zuen bai Iparraldean Gure Herria aldizkaria (1921) eta hizkuntzaren lanketa eta babeserako Euskaltzaleen Biltzarra (1901) baita hegoaldean ere, non zalantzarik gabe garapenik handiena izango baitzuen. Hizkuntzaren pizkunde hau alor desberdinetan berez daiteke, hala nola, literaturan, aldizkarigintzan eta kultur zabalkunderako kanpainetan, hau da, euskara herriratzeko eta bultzatzeko aritu ziren Euskal Esnalea, Euskaltzaleak, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza bezalako erakundeek burututako lanak. Kultur alorreko pizkunde honek, gainera aldundietan zeuden indar abertzaleen bultzada ere jaso zuen euskararen aldeko neurri ugari hartu zirelarik.

1918an Oñatin burutu zen Eusko Ikaskun-tzaren lehenengo batzarrean eskolak euskararekiko eta euskaldungoarekiko suposatzen zuen zama argi asko azalduta gelditu zen. Estatuaren erantzuna berriz, ez zen hizkun-tza eta hezkuntza eskubide hauek errespetatzearen aldekoa, guztiz kontrakoa baizik. Arrazoi psikopedagogiko guztien gainetik beste arrazoi indartsuago bat zegoen eta, Estatuaren kohesioaren arrazoia hain zuzen jabetzen zen. Beraz, elebitasunaren kon-tzepziotik abiatuta, eta zerbait egin behar horretatik, euskal eskola ahalegin eta saiakera desberdinak izan ziren:

1- Eskola sistema ofizialaren bidetik eginiko saiakera: auzo eskolak eta nekazal eskolak. Landeta eta Elizalderen eskutik etorri ziren saiakera hauek. Leku euskaldunetan euskaraz ikasteko bideak errazten ziren maisu euskaldunak bilduz eta ama hizkuntza babestuz. Asmo instituzional honek porrot egin zuen ia hasi orduko indar estatalistek ez baitzuten onartu, eta urte batzuk pasa ondoren, nekaturik, sare paraleloan eredura hurbildu zen.

2- Eskola sistema ofizialetik at edo, sare paraleloaren hastapenak: euskal ikastetxeak, euskal eskolak eta ikastolak. Kasu honetan diru iturri pribatuez baliaturik egindako euskal eskolaz ari gara; esperientziak heterogeneoagoak dira eta hiru multzo bereizten dugu:

a) Aurrekariak: Bilbo eta Donostiako ikastetxeak, Resurrección Maria Azkue, Miguel Muñoa eta Elena Gameroren eskolak. Etxe eskola hauetan maistra batek hartzen zituen umeak bere etxean, bederatzi urtera arte han eskolaturik zeudelarik. Antolamendu hau sarriagotan agertzen zaigu gerraurreko euskal eskola tipologia zabal honetan, bere garrantziak gerraostean, beste batean nik aipaturiko Elbira Zipitriak hartuko zuen ereduan datza.

b) Eusko Ikaskuntza eta euskal eskolaren formulazioak. Tolosako ikastolaren sorrera (1922) lehenengo ekimenei jarraipen bat osa-tzea suposatu zuen. Euskal arloan, Donostiako Muñoa eta Tolosako ikastola izan ziren euskaraz era sakonago eta finkoago batez burutu ziren proiektuak. Errepublikaren etorrerarekin eta Kataluniako Elebitasun Dekretuarekin batera (1931ko apirilaren 29an), autonomia eta elebitasunaren aldeko kanpaina zabalak eratu ziren Euskal Herri osoan.

d) Autonomia eta elebitasunaren izenean eginiko saioak Estatuarekiko oreka eta elkar ulertze bat eskatzen zuen, nolabaiteko harreman harmoniko bat, non Estatuaren batasuna ukatu gabe periferiari, separatismoari muzin egitearen truke, oinarrizko eskubide batzuk onartzen baitzitzaizkion. Saiakera hauen isla auzo-eskolak izan ziren.

Aspaldiko Moyano legea beraz, jakobinoen lehen saiakera izan zen. Ez zen azkena izango. Wert legea ez da beraz lehen saiakera, ezta azkena izango ere. Baina oraingoan ere aurrera egingo dugu zuhurtzia osoz, asmoz eta jakitez betiere, gure aurrekoek egin zuten legez.

Txikiaren derrigorrezko inteligentziaz baliatuz. Bihotza bero, burua hotz.