Geroz eta gehiago dira beste herrialde batzuetatik gure artera etortzen direnak, bizimodu hobearen bila, umezaroko paisaiak, tokiak, harreman-sareak, familiak eta beste hamaika gauza atzean lagata. Gehien-gehienak hurreratu ohi dira ezagutzen ez duten eremu batera, gaztelaniaz gainera, euskara ere baduen gizarte eta bestelako ohiturak dituen jendarte baten altzora. Eta gehienak ez dira Afrikatik etorri, bizitza arriskuan jarrita; aitzitik, esango nuke, turistak balira bezala, hegazkin batean sartu eta euskal lurretan lur hartu dutela. Edonola ere badira gure artean eta elkarrekin egin behar dugu bidea, egun eta etorkizunean.
Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna da gaurkoa. Eta komeniko litzateke gai horri buruzko gogoeta egitea. Hain zuzen ere, tamalez, migratzaileei buruz islatzen den irudia ezkorra da, gure gizarte-zerbitzuak zamatzen dituztelakoan, gaizkileak direlakoan eta beste autu-mautu batzuk entzuten ditugula. Jakina denez, badira gure artera etorritako gutxi batzuk halako egoera gaitzesgarriak sortzen dituztenak, baina hemen jaiotako batzuk ere gaizkileak dira, eta halakorik gutxitan azpimarratzen da… Nago, balantza batean jarrita, egiten duten ekarpena askoz onuragarriagoa dela dakarten kaltea baino, eta, hargatik, komeni dela horren balioa aitortzea. Begiratua eman diezaiogun gure inguruari, kualifikazio txikiko zein handiko zereginetan geroz eta pisu handiagoa dutenei… Eta egiten duten ahaleginari! Zintzoak izan gaitezen, ez dira inori tokia kentzera etorri. Areago, esango nuke geroz eta zabalagoak diren hutsarteak betetzera iritsi direla, eta eskerrak!
Guztiaz ere, gure artera etorri direnen bizi-baldintzak behar ditugu hobetu, bizitza duina garatzeko aukera izan dezaten, bizi-proiektua garatzeko eginahalean, urratsak egiteko modua izan dezaten. Bestela, bi errealitate iltzatuko dira sakonean, baldintza eskasetan, hemengook nahi ez ditugun zereginetan aritzen direnak eta bestelako bizi baldintza bikainak dituztenak, gizartearen kohesioan eraginez eta arrangurak ere sorraraziz.
Aurrekoaz gain, migratzaileak behar ditugu gure hizkuntza biziberritzeko eginahalera batu, partaide sentiaraziz, asimilatuak sentitu beharrean, bakoitzaren kulturatik eta hizkuntzatik kultura eta hizkuntza gutxitu batean murgiltzeko baizik. Hainbatetan, hizkuntza txiki eta minorizatu bati hauspoa emanda etxetik ekarri duzunari balioa ematen diozulako, aldezten eta, dezakezun neurrian, baliarazten duzulako. Bai, egin diezaiegun aitortza migratzaileei! Gure artean behar ditugulako, gizartea, egungoa zein etorkizunekoa, geroz eta askotarikoagoa izango delako eta denok bidea elkarrekin egin behar dugulako, inor bazterrean utzi gabe, denon ekarpena aldeztuz eta goretsiz!