PARETIK norbait desagerraraztea edo ahultzea komeni zenean edo denean, estatuko aparatuak horretan engaiatzea urteetako kontua izan da. Horiek horrela, interesak partekatzen ziren neurrian, ez zen arazorik suertatzen, batzuk harmonia ederrean bizi ziren; interes-gatazka zegoenean eta dagoenean, ordea, arerioa abailtzeko, nork eskura dituen baliabide guzti-guztiak erabiltzen ditu… Eta agerikoa denez, baliabideak askotarikoak dira, besteak beste, interes-talde jakinen mendekoak diren hedabideak, ikerketa-taldeak, epaileak eta bestelakoak.
Ustelkeriak eraman zuen PP alderdia oposiziora eta, ustez, eredugarria izango zen gobernua osatzea ekarri zuen, askotariko alderdiek sostengatu zutena. Babes hori gainzama izan da alderdi batzuentzat, besteak beste, konpromisoak bete daitezen etengabeko ahalegina egin behar izan dutelako eta horrek zein gobernuaren jardunak sorrarazitako higadura nozitu behar izan dutelako. Beste batzuentzat, aldiz, dena izan da onura, zetozen iraganetik etorrita, jokabide antidemokratiko eta sektarioei oratzen dietela, beste alderdi batzuen parekide balira bezala homologatu direlako.
Iritzi-emaile batzuek diotenaren kontra, Alderdi Sozialistaren ahuldadeak bultzatu du Gernikako estatutua betetzeko urratsak egitera, ez konbentzimenduak, Espainiako ezkerraren ikuspegia, erabat zentralista dena, ez delako oinarrian aldatu. Beste horrenbeste esan daiteke alternatiba izan nahi duen eskuinari buruz ari garenean, azken horien jarrera oldarkorragoa bada ere.
Nolanahi ere den, estoldez ari garenez gero, esan daiteke ustelkeria sistemikoa dela eta askotariko alderdiak zipriztintzen dituela, horien artean, une honetako anabasaren arrimuan, geroz eta babes zabalagoa jasotzen ari den VOX alderdia bera. Hala ere, komeni da bi eremu ondo bereiztea: norbanakoen jokabideak eta alderdienak. Lehenbizikoa zaila da antzematen eta errotik mozten, kontrol-tresnak indartzen eta zigorrak areagotzen ez badira, eta orduan ere adi! Bigarrena are kezkagarriagoa da. Askotariko egituren erabakimenaren eta jardunaren araberakoa delako. Horiek horrela, ustelkeriari aurre egiteko, sakoneko erabakiak hartu behar dira guztion aldetik, egoerak herritarren konfiantza ezerezean lagatzen duelako, mugimendu antidemokratikoei haizea ematen dielako eta demokraziaren oinarriak pitzatzea dakarrelako… Alabaina, ez gaitezen inozoak izan! Une honetan dagoen zaparradaren azpian ez dago ustelkeriaren kontrako oldarraldirik, ezpada, batzuk boterera iristeko asmoz, askotariko botereak modu koralean harilkatu dituen estrategia bat.