Zalaparta sorrarazi dute Bernedoko udalekuetan gertatutakoek eta halakoetan tentuz ibili beharra dago, besteak beste, adin txikikoak tartean daudelako. Edozein gisaz, kontuak hausnarketa sakona merezi du, balioetan heztearen eta ideologia jakin bat sustatzearen artean badagoelako inoiz gainditu behar ez den muga bat. Udalekuaren sustatzaileek haien ideologian eta printzipioetan jarri dute indarra, ausaz hainbatekin parteka dezaketena; horrek, ordea, ez du adierazi nahi gizarteak ildo horiekin nahitaez bat egin behar duenik, eta are gutxiago, bat datorrenik. Horren adibide dugu jarritako dozenatik gora salaketa.
Gure gizartean badira kolektiboak haien pentsaera eta balioak gainerakoenak baino egokiagoak direla uste dutenak eta, gainerako guztiak oker daudela iritzita, haiena hedaraztea bilatzen dutenak. Adibideak ugariak dira, antolatzeko erak ez ezik, askotariko jarduerak kolonizatzeko demaseko ahalegina egiten dute-eta. Berdin dio udalekuez, heziketaz, jaiez, hedabideez edo bestelakoez hitz egiten den.
Batzuen aburuz, pentsamendu kritikoa lantzeak bi alde nabari ditu, besterik gabe, bat ez datozenekin ausart eta oldarkor jardutea eta, aldiz, sokakoak edo direnekin abegikor edota ulerkor izatea. Jokabide horrek pentsamendu kritikoa baino, jendea doktrinatzea eta pentsamendua modulatzea dakar, gizajendearen borondatea bestelako helburuen medean jarriz. Denboren poderioz, entzuteko eta ulertzeko gaitasuna bera ere lausotzen ari da. Zenbat bider entzun dudan pentsamendu kritikoarena, beti norabide berean antzematen dela!
Jendeak askatasunez erabakitzen du sindikatu bateko kide izan ala ez, alderdi batean afiliatu ala ez eta abar. Besterik da, herritarrek sortuta, ustez irekiak diren elkarte eta erakundeak tarteko direnean, pertsona jakinek antolaera horietan begiak jartzen dituztenean zer bilatzen duten: askotarikoen artean ibilbidea partekatzea eta egitea edota elkarte horien estalpea beste zernahirako baliatzea. Ingurura begiratzea besterik ez da behar esaten ari naizenaz ohartzeko. Antzeko kontuak esan daitezke unibertsitatea edota hedabide publikoak proselitismoa egiteko baliatzen direnean.
Gurea bezalako gizarte batean, jendartearen zati esanguratsu bat mesfidati edota oso kritiko azaltzen da herri erakunde, alderdi, sindikatu eta bestelakoen gainean. Hainbatetan, sinesgarritasuna ere ukatzen diete. Arrazoiak izango dira jarrera horretarako, aldaketa esanguratsu baten aldarria islatzen dutenak… Baina adi egon gaitezen bestelakoak ere tarteko direnean, bizitza komunitarioa indartzeko izan daitezen eta ez ideologia jakin bat barreiatzeko tresna.