Urtero, Euskararen Nazioarteko Eguna hurreratzen den heinean, hitzaldiak antolatzen dira han-hemenka, besteak beste, euskararen egoera aztertzea ardatz hartzen dutenak. Hainbatetan, etsigarri begitantzen zaizkit halako ekimenak, sarritan, halako kezka, gainbehera edota hilzori moduko bat islatzen dutelako. Gutxitan jartzen gara egin dezakegun horretan eta, gehiegitan, denbora ematen dugu egoerari buruzko sasi-diagnositakoetan. Akaso, horrenbeste alditan aipatzen diren Etxepareren bertsoak gogoan, indar eta ahalegin are handiagoa egin beharko genuke euskara plazara, mundura, eguneroko bizitzara jauzi egite horretan.

Euskarak behar gaitu belaunez belaun transmititzeko zereginean, bai eta familian, lagunartean, lan munduan, aisialdian, eremu sozioekonomikoan zein bestelakoetan erabilera handitzeko eta elikatzeko ere… Barka, euskarak ez gaitu behar, hizkuntza, zeinahi dela, ez baita ezer hizkuntza hori darabiltenak, hiztun-elkartea kontuan hartu gabe.

Gure hiztun-elkartearen biziraupenaren giltza ez dago kopuruan, baitira hiztun gutxiago dituzten hiztun-elkarteak gu baino osasuntsuago daudenak. Gure biziraupenaren giltza konpartimentazio linguistikoan dago, euskararen erabilera nagusi izango den eremu geografikoak eta funtzionalak, arnasguneak eraikitzetik eta indartzetik dator. Horrek eraman behar gaitu egun ditugun aukeretan indarrak jartzera, besteak beste, euskararen presentziari eta erabilerari indarberriz ekiteko, biziberritze-aldi berri bati bultzada emateko helburuz.

Horretarako, nagiak astindu eta dauzkagun indarrak askatu behar ditugu, euskararekiko jarrerak eta portaerak euskararen biziberritzearen alde, eraldaketaren zerbitzura jarriz. Inor baztertu gabe, kontrakotasunak leunduz, enpatia erakutsiz behar dugu nonahi eta noiznahi erakutsi euskara gure baitan, gure aho-mihietan, gogotsu dagoela. Hitz egiteko zailtasunak dauzkagunean ere prest gaudela entzuteko eta, erantzuteko, totelka bada ere, irribarrea bisaian dugula. Euskararik txarrena erabiltzen ez dena delako! Euskarari buruz berba gutxiago eta euskaraz bizi behar dugu gehiago, dezakegun guztietan, aukerak ere uste baino ugariak direlako eta guk geuk ere sortzen ditugulako, gure ingurukoek gure hizkuntza are gehiago erabili, bizi dezaten.