Gaur irekiko ditu ateak Durangoko Azokaren 59. edizioak. Beste ahalegin, beste urrats bat gure hizkuntza eta kultura ikusarazteko eta jendaurrean agertzeko. Gaur eta datozen egunetan, Durango bilakatuko da Euskal Herriko idazleen, kulturgileen zein bestelako eragileen plaza, arnasberritzearen ardatza. Berritasuna, jarraitutasuna, engaiamendua, anbizioa, sorkuntza, ahalegina, bizirauteko grina irudikatzen ditu Azokak eta hargatik zaindu, bultzatu eta arnasberritu behar dugu, alderdikeria oro ekidinez, denon artean. Azoka herri-proiektu baten ardatza izan delako, izaten segitzen duelako eta, iraun nahi badugu, izaten jarraitzea komeni zaigulako.

Horregatik saiatu beharko genuke Azokari erabateko protagonismoa ematen eta ekimena bera denon artean bultzatzen, bestelako aldarrikapenetarako baliatu gabe, baitira urtean zehar nahi adina egun bestelako kontuetarako. Nago, egunen batean hausnartu beharko genukeela euskarari zein euskal kulturari zer-nolako mesede eskasa egiten dioten horien arrimuan eta, horiek erabili gurean, antolatzen direnak, euskararen eta euskararen inguruabarrean dagoen adostasuna indartzeko balio ez dutenak. Esango nuke, hainbatetan, zenbaitek atzera egiten dutela halakoak ikusten dituztenean. Egin dezagun euskara eta euskal kultura erakargarri, askotarikoen topaleku, gozagarri eta atsegingarri hori ere badelako euskara indarberritzeko zimentarri. Badira bestelako ahaleginak gutxietsi behar ez direnak, besteak beste, Ipar Euskal Herrian, esate baterako, Saran. Horrek ere, bere txikian, Ipar Euskal Herriko lanei ikusgarritasuna ematea du helburu. Guztiak dira beharrezko, handiak eta txikiak, eragileei bultzada emateko, bagarela nonahi adierazteko. Azoka egiten den aldiro bestelako adierazpideekiko alderaketak azaltzen dira beti. Uste dut alderaketa horiek ez direla egokiak. Batetik, gure hiztun-elkartea txikia delako eta gure ahalbideak ezin ditugulako konparatu hiztun-elkarte hegemonikoen baliabideekin. Hala berean, ekoizpena ere txikia da beste batzuen aldean… Baina komeni da azpimarratzea osatzen dugun kopurua aintzat hartuta, ekoizten dugunaren antzekoetan ez dagoela pareko indarrik duenik. Arazoa da gure masa kritikoa txikia dela, gure askotariko produktuen bideragarritasuna oso zaila eta horrexegatik behar dela herri erakundeen aldetik sostengu eta bultzada indartsua. Baina bultzadaz ari garela, komeni da komunitate gisa indarrak non jarri behar ditugun adostea, ahaleginak biderkatzeko, bai eta emaitzak bizkortzeko ere. Gure gizartearen, besteak beste, gazteen kultura- eta kontsumo-joerak aurreikusi eta ahaleginen norabidea birpentsatzea komeni da. Izan ere, ikuspegi estrategiko batetik gure komunitatea eta identitatea gorpuztu dezaketen askotariko produktuak sortzeko ahalegina bizkortzea, sarea haztea eta ekoizpena indartzea, gero eta beharrezkoagoak dira, dena berdintzen ari den globalizazioak urtuko, desegingo, desagerraraziko ez bagaitu.