Duela zenbait urte, Iruñeko ikastola bateko gurasoek adierazi zidaten kezkatuta zeudela haien seme-alaben euskara maila eskasa zela-eta. Beti akordatzen naiz emaniko erantzunaz: euskararik txarrena erabiltzen ez dena da! Horrekin adierazi nahi izan nien euskararen bidetik, euskara erabiliz bakar-bakarrik, hobetu ahal dela gure hizkuntza-maila, noranahikoagoa, adierazkorragoa eginez eta gure hizkuntzarekin gozatzera iritsiz.

Egunotan, Euskararen Nazioarteko Egunak akuilatuta irakurriko ditugu askotariko mezuak. Gehien-gehienek halako ezkortasuna adieraziko dute. Hala berean, gure ahuleziak urte batetik bestera gaindituko ditugulakoan, enegarren aldiz irakurriko ditugu gainbeheran gaudela eta desagertzera goazela iragartzen dutenen mezu apokaliptikoak.

Halakoak irakurtzean, XIX. mendean, euskal kultura eta euskara hauspotzeko asmoz antolaturiko Lore Jokoetan parte hartu zuen Felipe Arrese Beitiaren poemak datozkit gogora. 1879. urtean, Elizondon antolaturiko Lore Jokoetan, lehen saria irabazi zuen ama euskara azkenetan dagoela nabarmentzen duen olerki baten bitartez. Urtebete geroago, Maulen, lehenengo saria irabazi zuen, orduko horretan, aurreko urtean esandakoari kontrapuntua jarriz, ama euskara bizi dela lau haizeetara barreiatuz. XIX. mendean zehar hainbatek iragarri zuten euskara ez zela XX. mendera iritsiko. Beste horrenbeste irakurri eta entzun izan dugu XX. mendean ere.

Bizi garen munduan, non sasoi batean ez bezala, askotariko eraginak, modak zein bestelakoak gure artean erraz iltzatzen diren, ez dut uste inorentzat erakargarri bilaka daitekeenik gainbehera doan ezer… Eta horixe da iraganean bezala egun ere eginkizun daukaguna, etenik izan behar ez duen zeregina: aldian-aldian euskara erakargarri bilakatzea, euskara denona eta denontzat dela azpimarratzea, euskara jostagarri eta gozagarri bilakatzea, euskara noiznahi eta nonahi baliatzen dugun hizkuntza izan dadin lan egitea.

Pasa den mendeko laurogeiko hamarkadan, euskaraz ikasteko dirulaguntzak apenas zeudenean, euskaltegiak erantzun ezinik ari ziren. Inoizko alfabetatu gehien daukagun honetan, euskal prentsaren gainbehera begien bistan dago, egoera honetatik kanpo geratzen direla tokiko komunikabide bakan batzuk, eta abar. Sasoi batean, zailtasunak handiagoak eta baliabide are eskasagoak zirenean, beste giro bat zegoen jauzia egiten lagundu zuena. Akaso, pentsatu behar dugu kanpoko faktoreetan bainoago barrukoetan, ea ondo ari garen! Gure hizkuntzaren biziberritzerako, lehentasunak, mezuak zein jarduna egokiak diren! Iraganean partez funtzionatzen zuenak, beharbada, ez duelako gaur egun funtzionatzen.