Geroz eta maizago jazotzen ari den gertaera da: iritzi publikoaren zati esanguratsu baten eta errealitatearen arteko etena, hau da, gizartearen zati batek ozen adierazten duenaren eta benetan gertatzen denaren arteko arrakala. Trump bezalako batek hauteskundeak irabaztea pentsaezina zen askorentzat. Nolatan irabaz zezakeen AEBko bozketa emaitza demokratikoak lehenago onetsi ez zituenak, hainbatetan iruzurra egiteagatik zigorrak ezarrita eta auzibideak amaitzeke dituenak, kanpainako dirua erabiliz prostituta bati ordaindu zionak… eta abar. Alabaina, hainbatek iragarritakoaren kontra, hauteskundeak irabazi ditu, alde handiz irabazi ere!
Kalifikatibo ugari egotz ditzakegu, barruak husteraino! Finean, Trumpek botere guztiak hartu ditu mendean: Ordezkarien Ganberan eta Senatuan, gehiengo osoa, bai eta Auzitegi Gorenean ere. Halako botere-metaketa eskuratu ondoren, ikuskizun dago horrek zer-nolako ondorioak izango dituen ekonomian, gutxiengoen aitortzan, emakumeen eskubideetan, migratzaileei eman beharreko trataeran, geopolitikan eta abarretan. Norbaitek esango du Trumpek irabazi baino demokratek galdu dituztela hauteskundeak. Dena dela, garaipenaren luze-zabala aztertzea besterik ez da behar baieztapen horren oinarri ahulaz ohartzeko. Emaitzak ikusita, argi dago demokraten zati esanguratsu batek desberdin jokatu duela presidentea izendatzeko hauteskundeetan eta bestelako gaiak tarteko izan direnean.
Nola liteke aberats iruzurgile bat giza maila ertainen, txiroen eta hainbat gutxiengoren zati esanguratsu baten interesen aldezle eta sustatzaile izatea? Nola da posible askatasunaren defendatzaile sutsu gisa azaltzea demokraziaren oinarrizko habeak birrindu nahi dituena? Horra hor bi hausnarketa-gai. Europan, beraz, gurean ere eragiten dutenak.
Beharbada, batzuentzat Trumpen izaera, hurrekoa, ia etxekoa, tabernakoa, gizatalde batzuekiko enpatia agertzeko aproposa da. Askok Trumpen ahotan entzuten dutelako beste leku batzuetan eurek ere adierazten dutena edota, pentsatu arren, esatera ausartzen ez direna. Akaso, batzuek uste dute migratzaileak kanporatuko balira, lana eta soldata are hobeak izateko aukerak izango lituzkeela. Igual, hainbatek, Txina eta bestelako herrialdeetatik datozen gaiei trabak jarriz gero, AEBko ekonomia are gehiago indartuko litzatekeela pentsatuko dute. Apika, esparru batzuetatik etengabe sustatzen diren mezuak, nagusikeria intelektuala darienak, ezarri nahi diren jokamoldeak eta pentsaerak kontrako efektua sortzen ari dira, eta, horren aurrean, gero eta indar handiagoz, indibidualismoa eta burukoitasuna gailentzen ari dira, eta komunitate-izaera ahultzen.
Nago mementoa iritsi dela politikaz eta politika egiteko moldeez hausnartzeko. Nola birkonektatu gizartearekin, hurreratu eta herritarrek dituzten beldur eta kezkei heldu? Nola sortu gizarte hobea, bateratuagoa eta, izaera komunitarioa ardatz, inor atzean lagako ez duena? Horixe da eginkizun dugun eztabaida, jorratu behar dugun kizkia, populismoak bereak ez diren banderak baliatu, ustiatu eta bidea egiten segi ez dezan.