Gure iraganari begiratuz gero, beti azaldu dira, hala hizkuntza kontuetan, nola herri honen aurrerabiderako proposamenetan, gutxienez, bi printzipio, elkarren osagarri ez direnak eta lankidetza, auzolana eta indar-bilketa umotu baino eragotzi dutenak: berehalakotasuna eta gradualtasuna. Lehenengoaren aldekoentzat dena izan da eskas, arbuiagarria, bai eta zenbaitetan, saldukeriaren emaitza ere. Bigarren irizpidean murgildu direnak, ostera, saiatu dira memento bakoitza irakurtzen eta aukerak bilatzen, zirrikituak ustiatzen herri honen aurrerabiderako agertoki berrietara iristeko helduleku bilakatu direnak.
Dena ala ezerezaren arteko demaren emaitza, ia beti, ezereza izan da. Horixe da balantzea, lehenengo aukeraren aldekoek erakusteko dutena. Horiek horrela, hainbeste hamarkada igaro ondoren, bidean horrenbeste oinaze eragin, denbora galdu, indarrak xahutu eta mespretxu erakutsi eta gero, gradualtasunaren gurdira igotzea deigarria bainoago ibilbide bati osotasunean eginiko iruzkina da! Herri bezala non egongo ginateke, batzuk aurkikuntza horretara lehenago iritsi balira? Alabaina, ez dakit jarrera berri hori amarrua besterik ez den, hegemonia lortzeko asmoz, inozoak erakartzeko xedez adierazten den kontua ez ote den.
Nafarroan, alderdi sozialistak gobernatzeko beste talde batzuen babesa behar duenean, zergatik ez da, hizkuntza-kontuetan zein bestelakoetan, exijentzia-maila gorago jartzen? Edota EH Bilduk gobernatzen duen zenbait tokitako lanpostu publikoetako deialdietan, zergatik ez zaio euskarari garrantzirik ematen? Kalkuluengatik izango da, euskaldun gizagaixoentzat erabat mingarri suertatu arren.
Aurrekontuen inguruabarrean ere, antzeko kontuak jazotzen dira. Ikus dezagun Madrilen, Nafarroan eta Euskadin eskakizunak nolakoak diren, zer-nolako eragin ekonomikoa duten. Norbaitek ikusi al du gutxienekoak lau haizetara barreiatzen, Madrilen edota Nafarroan? Pentsatzekoa da akordioa izan izango dela, denik merkeena izanik ere! Euskadin, ordea, hitz egiten hasi aurretik, erabateko aldaketa eskatzen da eta neurriz kanpoko kopuruak barreiatzen dira. Halakoetan, badirudi akordiorik ez dela nahi. Ondorioz, pentsatzekoa da akordiorik ezaren erantzukizuna beste aldearen bizkar laga nahi dela, hitz egiten hasi aurretik. Nire ustez, egiazko lankidetza eta adostasunetara iritsi nahi bada, ezinbestekoa den konfiantzazko giroa eraiki nahi bada, nahitaezkoa da moduetan ez ezik proposatzen denaren inguruabarrean ere koherentziari oratzea, bestela, gizarteari begira dagoen marketin operazio bati buruz ari baikara.