Palestinako Estatua aitortzeko eginiko urratsa garrantzitsua da, nahiz eta aitortza hori hauteskunde batzuen zurrunbiloan gertatu, palestinarrek lurraldearen gehiena okupatuta duten eta lurraldeko azpiegitura gehienak eraitsi dizkieten. Lehenago, dozenaka estatu izan dira aitortza hori egin dutenak, beraz, nago oso berandu datorrela ditxosozko aitortza hori, denbora luzea galdu delako eta bide horretan ahulena are ahulagoa izatea ahalbidetu delako. Egun, alde bakoitzean hauteskundeak egingo balira, pentsatzekoa da bi aldeetako muturreko jarrerak are gehiago indartuko liratekeela, egungo egoera are gehiago gotortu eta konponbideari ateak itxiz. Nazioarteak gauzak usteltzen uzten dituenean, indartsuena ateratzen da garaile eta, txikiena, berriz, galtzaile.

Bistan da, arabiarren eremuan, Israel estatua ez onartzeko eta desagerrarazteko antolatu den ekinak ez duela lagundu egoera onbideratzen. Norabide horretan, talde terroristak babesteko eta baliabidez hornitzeko emaniko laguntzak, sasoi bateko potentzia kolonialen utzikeriak zein Israelen aliatuen jarrerak ez dira irtenbide baterako heldulekuak... Eta horrela joan da palestinarren auzia amildegiaren behera jausten. Oportunismoa, boluntarismoa zein itxurakeria baino zerbait gehiago beharko dira pasa den mendetik datorren auzi honi aterabidea bilatuko bazaio. Alabaina, beldur naiz palestinarrak ez ote diren euren sufrimendua pairatu behar ez duten bestelakoen txanpon bilakatu. Ez dago soluziorik bi estatu sortu gabe, elkarri aitortu gabe eta bi-biei bizirauteko eta garatzeko gutxieneko bermeak eskaini gabe.

Ezin da isilik geratu, beste aldera begiratu, talde terrorista batek ehunka pertsona akabatzen edota atxilo hartzen dituenean, talde horrek helburutzat badauka beste lurralde bati erasotzea, desegitea eta herritarrak erailtzea. Aldi berean, ezin isilik gera gaitezke neurriz kanpoko triskantza gertatzen ari denean, eta, zibilak zein zibilen biziraupenerako ezinbestekoak diren azpiegiturak erasoaldiaren erdigunean jartzen badira. Elkar suntsitu nahi duten bi jokaera horiek behar ditugu indar bera erabiliz salatu.

Nazioartean, arazo larri bat beste batek estali ohi du ia oharkabean. Antzeko kontu bat gertatu da Errusiak Ukrainaren kontra abiarazitako erasoaldi gupidagabearekin. Hor ere nekez uler daitezke batzuen posizioak, Ukraina armaz hornitzearen kontra azaltzen eta diplomazia aldarrikatzen ari dira, oinarrian, Ukraina defentsarako daukan eskubidea ukatzen eta erasotzailea babesten ari direlako. Ukrainak nazioartearen laguntzarik izan ez balu, orain, Errusiaren menpeko lurraldea izango litzateke... Eta halakoetan ere ez dakit zer miresmen eragiten duen ustezko ezkerreko alderdietan errusiarrak mende dauzkan, oposizioa jazartzen duen, demokrazia hankapean daukan eta inguruko lurraldeak mehatxatzen dituen diktadore baten ekinak.

Hizpide ditugun bi gatazkak eta aipatu ez diren beste hamaikak begien bistan uzten dute nazioarteko erakundeen –eta horien barruan, Nazio Batuen Erakundearen eta Europaren– ezina, bai eta dagoen gabezia gutxieneko oinarri demokratiko batzuk ezartzeko eta betearazteko orduan ere. Bigarren Mundu Gerraren ondoren iltzatutako blokeen dinamika ahuldu ahala areagotu egin dira arazoak, besteak beste, munduan indartu direlako lurralde indartsuenen arteko borrokak, betiere, lehengaiak zein lurralde eremu zabalak kontrolpean izateko. Nazioarteak berrantolatu beharra dauka, nazioarteko egiturak printzipio demokratikoetan antolatu eta lurralde batzuen pribilegioak ezaba daitezen, bestela ez dagoelako aterabiderik, ez eta esperantzarik ere!