Proposamena ez da berria, berba eta formulazio desberdinak tarteko direla, behin baino gehiagotan aipatu duelako Lehendakariak. Kontua da, ostera, estatuan den testuinguru politikoak bidea eman dioezaiokeela halako proposamen bati, estatuaren ikuspegi zentralista aldezten dutenen eta alde bakarreko bideak sustatzen dituztenen artean erdibideren bat zirriborratuta. Batzuentzat, urrunegi joan da Lehendakaria, beste batzuentzat, berriz, motz geratu da. Nolanahi ere, bi muturretan endrokaturik daudenek ez dute astaria edo mataza nola aska daitekeen adierazi, ezpada, gure eskubide historikoetan amore ematea, gauzak bere horretan uztea edo haustura sostengatzea.

Nik, ordea, egoera desblokeatzeko, aurrera egiteko, bai eta bi muturretan kokatzen diren eta ezkondu ezin diren jarrera irmoetan ez geratzeko ere, ez dut beste biderik ikusten kontzertazioa baino. Horretara iristeko, metodologia eta prozesuren bat abiarazi beharko da, konbentzioa edo dena delako baten bitartez.

Badira proposamenak bidea egiten hasi aurretik erreparoak jartzen hasi direnak edo bideragarritasun juridikoaz mintzatu direnak. Halakoetan, hainbat, arbolari begira jartzen dira, basoari beharrean. Kontua da estatuaren osaeran dauzkagun sakoneko desadostasunak, XIX. mendetik datozenak, bizikidetzan eta gizartean ika-mikak eta hausturak eragin eta eragiten dituztenak, nola bideratuko ditugun. Horiek horrela, askotariko eragileak batu ditzakeen konbentzioak, ondorio gisa, akordio politikoa eta soziala eman dezakeela, gerora, gauzatu ahal izateko, ibilbide juridikoa eta soziala egin beharko duena. Akordio politikoa hezurmamitzeko, aurretiaz, ez da itxi behar Espainiako Konstituzioa aldatzeko edota berrinterpretatzeko aukera. Hala berean, estatuan zein hemen erdietsi beharko litzatekeen akordio politiko eta sozial horiek helduleku egokiak izan daitezke, besteak beste, Gernikako Estatutua eguneratzeko, eduki zein eskumen berriak jasoz, bai eta estatuarekiko harremanetan bestelako zimentarriak zein bermeak ezarriz.

Herritarrak ardatz hartzen dituen politikaren ikuskerak utopiatik errealitatera, egin daitekeenera egin behar du jauzi, hasteko, konbentzimenduagatik, eta segitzeko, indarren korrelazioak, nahi edo nahi ez, horretara garamatzalako... Bestela, arrisku handia dago kea saltzeko, inora ez garamatzaten dinamikak sustatzeko, nekea, frustrazioa eta etsipena bazterrotan hedatuz. Gure herriaren egoera ez da duela berrogeita hamar urte geneukana, asko aldatu dira kontuak hemen, estatuan, Europan eta munduan, eta ondorioz, komeni da halako eguneratze sakonik egitea.

Espainiako gobernagarritasunean dauzkagu orain begiak. Nago, gobernu progresista bat sostengatzeko deituak izan daitezkeenek oso kontuan izan behar dutela guztiak direla beharrezko, baldin eta gobernu berria eratuko bada. Ondorioz, komeni da horretan ere alde bakarreko protagonismoak ekiditea eta erdibideak eraikitzen saiatzea, exijentzia eta errealismoa aldi berean ezkonduz. Izan ere, arriskua dago maximalismoek gobernu akordioa ezinezko egiteko, gehiengo progresista are gehiago ahulduta eta beste hauteskunde deialdi berria egin behar izatea... Eta horrek bai itxiko lituzke aukera guztiak estatuaren ikuskera moldatzen jarraitzeko, eskuin muturraren esku utz dezakeelako Espainiako gobernagarritasunaren giltza, horrek dakarren guztiarekin…