Soilik bai da baietz ezizenez ezagutzen den legea onetsi eta sexu-abusuen ziozko zigorrak izan dituzten ehunka pertsonen gaztigua arintzearen ondorioz, lege hori egokitu behar izan du Espainiako Kongresuak. Beranduegi, nire ustez. Legearen sustatzaileek baitzeukaten gerta zitekeenaren berri eta, beste hainbatetan bezala, arriskuak gutxietsi, utzikeriaz zein harrokeriaz jardun eta sekulako alarma eta kaltea eragin dituztelako. Ohikoa den eran, inork ez du erantzukizunik hartu!

Alderdi sozialistak ordaina eman die aipatu legearen erreforman gutxiengoan gelditutako alderdiei... Etxebizitzen Legea izan da ordain hori. Hori horrela, presidenteak erkidegoetako etxebizitza politikak norabide berean jarri behar direla aipatu du; gobernuko kideren batek eskumena norena den garrantzitsua ez dela azpimarratu du… hots, estatuak erkidegoetako etxebizitza politikak zentralizatu eta mugatu nahi dituela nabarmen geratu denean, nahikoa patetikoak izan dira ERC zein EH Bildu alderdietako ordezkariek esan dituztenak, eskumenek dauden-daudenean dirautela eta legeak mugak jarri baino ateak irekitzen dituela. Amaitzera doan agintaldia aztertuko bagenu, ohartuko ginateke koalizioko gobernuaren eta berau sostengatzen duten ustezko alderdi abertzale batzuen ekinaren emaitza erkidegoetako eskumenak etengabe eta sistemaz higatzea izan dela. Oso erraza da Katalunian edo Euskadin abertzale azaltzea eta, aldi berean, Madrilen, zentralismoari erreberentzia eta mendekotasun handienaz erantzutea!

Nonbait oso gutxi egin da. Hori diote legearen sustatzaileek, besteak beste, Eusko Jaurlaritza kritiken jomugan jarrita. Ez dut uste hemen, herri-erakundeek gutxi egin dutenik. Edozelan ere, kritika hori egiazkoa balitz, badago pare bat detaile batzuei aipatzea ahaztu zaiena: Eusko Jaurlaritzan, 2009tik, arlo horren ardura alderdi sozialistak izan duela, eta, horren aurretik, 2001-2009 aldian, Oskar Matuteren legebiltzarkide talde berekoa zen Javier Madrazo izan genuela Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburua.

Lege berriak irtenbidea emango dio etxebizitzen arazoari? Ez dut uste! Nago propaganda dela, gehiago dela batzuen beharrekin eta esperantzekin jolasean ibiltzea, hauteskundeetan boto gehiago lortzearren. Etxebizitza publikoen kopurua ez da inolaz ere eta behar den kopuruan haziko. Toki-erakundeetan ardurak dauzkagunok zuzenean nozitzen ditugu etxebizitzak egin ahal izateko gainditu beharreko askotariko zailtasunak, arazoak eta prozedurak. Ez da inolaz ere erraza... baina onetsi den legeak ez ditu zailtasunak bakuntzen. Aitzitik, legeak, are muga eta zailtasun gehiago ezartzen eta, bidenabar, zailtasunen jakitun, etxeak okupatzen dituztenak are gehiago babesten ditu. Legea sortu den eran, erkidegoetako etxebizitza politikak baldintzatzeaz gain, alokairuan jarritako etxebizitzen kopurua murriztuko du. Era berean, etxejabeen bizkar jarritako obligazioek ere hainbat etxebizitza desagerraraziko ditu merkatutik. Bestalde, gobernuak dio une honetan bankuen eskuetan dauden etxebizitzak libratuko dituela. Horietako hainbat, ordea, ez daude erabiltzeko eran, ez eta behar diren tokietan ere.

Jendeari ezin zaio kea, propaganda eta zuztarrik gabeko ideologiarik saldu, pertsonen behar eta esperantzekin ezin ibil baikaitezke jolasean!