Batasunaren taupadak
Pasa den asteko ostiralean, Batasunaren bidean goiburutzat hartutako giza kateak Errenteria eta Donostia lotu zituen. Milaka haur eta heldu batu zituzten kate horretara ekimenaren sustatzaileek, hots, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak eta Euskaltzaindiak. Ederra izan zen ekitaldia, irribarreak, poztasuna eta ilusioa antzematen zirelako bazterretan. Ekimenak, gutxienez, bi ideia azpimarratzeko balio izan zuen. Batetik, historian zehar, euskara bateratzeko ahaleginaren jarraitutasuna, bederen, Leizarragarekin hasi eta gaurdaino iritsi dena. Bestetik, euskararen biziraupena eta biziberritzea ahalbidetzeko ezagutzak, erabilerak eta transmisioak daukaten garrantzia azpimarratzea.
Batasunaz hitz egiten dugun bakoitzean, gogoratzen duten hainbatek Arantzazu aipatuko dute, beste batzuek, ostera, Ermua, Bergara... edo Baiona. Horiek eta gehiago izan dira batasuna ahalbidetu duten mugarriak, Lizardiren nahia, euskara norainokoa bilakatze horretan, ekarpen erabakigarriak egin dituztenak. Izan ere, non legoke euskararen erabilera batasuna tarteko ez balitz, non legoke euskara bera mugaz bi aldeetako euskal hiztunak hurreratzeko aukera izan ez bagenu, non legoke irakaskuntzan, administrazioan, zientzian, eremu sozioekonomikoan, aisialdian zein bestelakoetan? Gure artean badira tokian tokiko mintzamoldeak eta eredu bateratua kontrajartzen dituztenak, areago, badira kontra eginez eremu formaletan tokian tokikoa lehenesten saiatzen direnak ere bai. Ez gara konturatzen auzia ez dela bata edo bestea -bi-biek elkar osatzen eta indartzen dutelako-, euskararen biziraupena baizik, are gehiago, munduko hizkuntzen plazan, hizkuntzak eta kulturak desagerrarazteko prozesua bizkortzen ari den une historiko honetan.
Hizkuntzaren ezagutzan behar dugu sakondu, bai eta erabileran ere, erabilerak lagunduko digulako ezagutza are zabalagoa izan dadin. Transmisioa behar dugu indartu, horrek hizkuntzaren gaitasunean sakontzea dakarrelako, hiztunek aiseago eta errazago euskaraz hitz egiteko baldintzak sortzen dituelako, euskara nonahi baliatzeko gauza diren pertsonen bidez. Horretan, garrantzitsuak dira, besteren artean, ikastolak, eskolak eta euskaltegiak.
Pasa den astean ezagutu ditugu VII. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak. Hamarkadetako eboluzioari erreparatuz gero, asko aurreratu dugu (espero eta pentsatzen genuena baino dezente gehiago) baina hainbatetan azpimarratu denez, euskararen aldeko langintzan aurrera egiten jarraitzeko, urratsak ematen segitzea erabakigarria da. Dena irabazita dagoelako uste ustela baztertu behar dugu, inertziak astindu behar ditugu, erabileraren eremuan jauzi eginez, euskara ohikoago, arruntago eginez herri erakundeetan, aisialdian, eremu sozioekonomikoan eta abarretan. Adostasun sozial eta politiko berria eraiki behar dugu euskara noranahikoagoa bilakatzeko, ikusarazteko eta euskaraz, nonahi eta nolanahi, bizitzea izan dezagun!