Erredakzio-Mahaia

Gazteak eta frustrazioa

03.10.2021 | 01:13
Gazteak eta frustrazioa

BeLAUNALDI batek dituen ezaugarri bereizgarriek zenbait jarrera, ohitura edo portaera ulertzeko balio ditzakete. Duela urte batzuk eskainitako elkarrizketa baten, adibidez, Askabide elkarteko koordinatzaileak frustrazio ezari egozten zion 18 eta 20 urte bitarteko gero eta mutil gehigok prostituziora jotzea. Bere esanetan, desiratu dezaketen gauza oro salgai dagoenaren ustearekin hazitakoak dira: zer nahi eta hura eskuratu, ez dago desengainurako tokirik kontsumismo bortitzenaren aroa ezagutu duten gazteentzako. Deigarriak eta oso egokiak iruditu zitzaizkidan adierazpen horiek gogoratu ditut Inditexeko presidentearen semeak esan dituenak irakurtzean. Gogor kritikatu zaio Santiago Islari egungo gazteek "frustrazioarekiko tolerantzia gutxi" dutela baieztatzeagatik. Helburu pertsonalak erdiesteko ekin beharreko bidea osatzea kosta egiten zaiela azaldu du, bere burua ere saku berean sartuz. "Uste dut hori dela gure belaunaldiaren arazo handienetako bat, jaso dugun hezkuntzagatik edo testuinguruagatik", gehitu du. Jakina, bera hazi den testuingura ez da edonolakoa: haren aitak 5,8 milioi fakturatu zituen iaz Amancio Ortegaren inperioaren buruzagitzan. Baliteke Santiago Islaren hausnarketan kontsumismoaren problematikak lekurik ez izatea –azken finean horretan datza bere pribilegioak baimendu dituen ehungintzaren negozioa–, baina honakoan ere ez nuke esango bere berbak okerrak direnik. Askotan arazoa ez da zer esaten den, baizik eta nork esaten duen.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia