Mesa de Redacción

Zerbait ez dabil

25.10.2020 | 01:24
Zerbait ez dabil

Zerbait ez dabil. Ez diot nik, baizik eta datuek. Eskuak zauriak egin arte garbitzea ez da gakoa. Zentzua aplikatzea beharrezkoa da administrazioak konfinamenduak eta etxeratze-aginduak erabaki baino lehen. Eta hori norberaren kontzientzia eta logikaren menpeko jokaera eduki-tzetik baino haratago doa. Ezer gutxi balio baitu Angolako umeen alde lanean diharduen GKEa diruz laguntzea taberna barruan maskara kenduta ibil daitekeela uste baldin bada. Bide malkartsu honetako zein ertzetan utzi genuen sen ona? Osasun Sailaren buletinean semaforo koloreen araberako sailkapenak ezarri dira 5.000 biztanle baino gehiago dituzten herrientzat. Horia, onargarria den maila atzean utzitakoan; gorria, muga arriskutsua gainditutakoan. Momentuz, herriak klasifikatzeko irizpideak baino ez dira finkatu, baina pandemia luzera doala jakinik, ez legoke gaizki jokabidearen arabera sailkatu ahalko bagenitu pertsonak. Eta ez naiz arauak hausten dituzten horietaz bakarrik ari. Beste egunean, kiroldegiko aldageletan, obsesioak jotako emakume batek gertakari xelebre baten lekuko izateko aukera eman zidan. Erabiltzaileen esku jartzen duten ile-lehorgailua zipriztintzen ibili zen desinfektanteaz deabruak hartuta balego bezala. Aparatua garbi zegoela erabaki zuenean, busti-busti ondoren, pizteko botoia sakatu eta isiltasuna nagusitu zen: "Hara, ba orain ez dabil", esan zuen, lasai asko, txartel gorria merezi zuenak. Zerbait ez dabil, ez, zentzua erabiltzea ahazten dugun bakoitzean.

aaraluzea@deia.eus