Konfinamendua arintzeko neurriak bat-batean hartzen ez direla erakusteko asmoz, hainbat bilera ospatu ditu Bizkaiko Aldundiak kostaldeko udalekin hondartzen kudeaketa antolatzeko. Horien ondorio dira gertu dagoen udara atipikoaren hainakoak diren irtenbideak: gehienez jota hondarrean hiru ordu egoteko oharra, aulkiak eta eguzkitakoak ez erabiltzeko gomendioa, eta, batez ere, itsasaldiaren arabera edukiera kontrolatzeko beharra. Ekainaren 15a izango da denboraldiaren hasiera ofiziala. Baina antizikloia aurreratu egin da eta azken egunotako udako giroarekin batera hasi da zuhurtzia aplikatzeko udalen arteko norgehiagoka. Lehenak Bakio, Ibarrangelua eta Ea izan ziren, asteburuetan hondartzak itxiko zituztela aurreratuz. Ondoren Zierbena eta Muskiz, La Arenan ari-tzeko 15era arteko debekua ezarriz. Sopela eta Getxo ere animatu dira aparkalekuak zarratuz eta sarbideak mugatuz. Zertarako hainbeste bilera foru erakundearekin ez bada erabaki bateratu bat har-tzeko? Batasun falta ikusita, konfinamendua leundu ordez gogor-tzen ari direnaren sentsazio nagusitu da, Eusko Jaurlaritzak deitutako erantzunkizun kolektiboa indibidualki toallak astintzen diren bezala astindu den bitartean. Baina batik bat agerian geratu dena zera da: konfinamenduan balkoiak eta terrazak zituztenak garaile baldin baziren hurrengo hilabeteetan igerilekua duten etxebizitzetako pribilegiatuak nabarmenduko direla. Ez dago ezer berririk eguzkipean.

aaraluzea@deia.eus