JAIKI bezain pronto barregura eragin didan meme zorro-tza eta lur jota utzi nauen azken orduko berria gosaldu ditut katilu berean nahasita. Estimulu informatibo gehiegi ditugun egun hauetan, ziurgabetasunak sinesgogortasunari kendu dio tokia gure sukaldeetan. Eta egoera ezezagun honen itsasargi, nire kasuan sikiera, ingurukoen babesa bermatzea bilakatu da. Duela hilabete pasatxo geratu zitzaigun alargun 91 urteko amama. Ordutik, bakarrik bizi da. Sasoi paregabea duen arren, egunotan ez dugu beregana larregi hurbildu nahi ezer kutsa-tzeko beldur garelako. Erosketak egiten dizkiogu eta ezer gutxi gehiago. Behinola bezala, telefonoa bihurtu da harremanetan egoteko medio nagusia. Izan ere, bizitza erdia Australian egin du amamak, erbeste ekonomikoak bultzatuta. Lehengoan, ditxosozko birusari buruz ari ginela, 68an berak ere halako gripe gogor bat hartu zuela kontatu zidan: Hong Kong flu. Dirudienez sei hilabete eman zituen ohetik mugitu ezinik, leher eginda. Telefonoa eskegi ondoren, Txinan jaiotako pandemia hark milioi bat pertsona garbitu omen zituela aurkitu dut sarean. Eta, orduan, globalizazioa, gaur ezagutzen dugun bezala, usaindu ere ez zen egiten. Honelako krisi sanitarioak ziklikoak direla ziurtatzen duen testigan-tzarik ez dugu aurkituko goizeko albistegietan. Nola aurre egiten diogun eta zer ikasten dugun, horrek definituko gaitu mende erdi barru gizarte modura. Bitartean, zain ditzagun ezagutzaren gordailurik handienak: gure nagusiak.

aaraluzea@deia.eus