Inuzenteegia izango naiz, baina “globalizazioak gure identitatea hil” dioen pintada lehen aldiz irakurri nuenean -baita bosgarren aldiz-, gentrifikazioa salatzeko aldarrikapentzat hartu nuen. Anbibalenteegia iruditu zitzaidan, hori bai, San Francisco auzoan, non biztanleriaren %35a inmigrantea den, eta vascoperuano bezala identifikatzen den tabernako pertsianan ageri baita. Nire tesia berretsi nuen Bailen kalean “erdaldun gehiegi” daudela salatzen duen beste zirriborro batekin. Gerora konturatu nintzen oso oker interpretatu nituela, kale berean etorkinen aurkako etsaitasuna piztu nahi duten beste hainbat irakurri nituenean. “Etorkin gehiegi” edota “etorkinak gora, eskumak gora” bezalako mezuek ez zidaten zalantzarako lekurik utzi. Kostatu egin zitzaidan egia asumitzea: nola, euskalduna eta arrazista? Ezinezkoa. Positiboan bada ere, aurreiritzi larregi nituela konturatu nintzen euskalduntasuna arbuiagarriak diren pentsamolde xenofoboetatik bereizteagatik. Zorionez, azkar erreakzionatu zuten auzoan, pintadak zuzenduz eta “ongi etorri” margotuz behar zen lekuan. Immigranteen etorrerak euskara desagerraraztea eragin lezakeen beldur den ezker abertzaleko korronte erradikal honek antzekotasun gehiegi ditu lana lapurtuko digutela uste duen ultraeskuinarekin. “Hausnartu, dogma apurtu”, dio mezuetako batek. Ez al zuen hori egin J. Artzek “hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik” esan zuenean?

aaraluzea@deia.eus