estatuko aberatsen zerrenda puztuz doala jakitera eman den egun berean iragarri da emakume futbolariek grebara jotzea erabaki dutela. Bistan denez, euretako inor ez dago dirudunen lista horretan, baina litekeena da -ez nuke lepoa jokatu nahi- gizon futbolariren bat baino gehiago egotea. Aldea mingarria da, zeren adi: lanaldi oso batengatik 16.000 euroko kontratua aldarrikatzen ari dira, ez Messiren parera jartzea. Baita kirolari guztientzako lanaldi osoko kontratuak lortu ezin badira lanaldi erdia %75koa bilakatzea. Izan ere, puntako emakume futbolari askok ikasketekin eta beste ogibide batekin uztartu behar dute haien jarduna bizirauteko. Azterketa garaian dagoen emakume futbolariaren errendimendu erdiarekin konformatzen dira klubak akaso? Kontua da emakume futbolarien soldataren inguruko eztabaida sortzen den bakoitzean gizonezko batek ahotsa altxatzen duela eskatzen dutena emateko etekin ekonomiko nahikorik sortzen ez dutela esateko. Erredakzioan ere entzun dut halako iritzirik, kalean edonork jaurti ditzakeen ideien bozgorailu. Ea konturatzen diren ez garela errentagarritasunaz ari, duintasunaz eta legezkotasunaz baino. Eta gauzak sortzen duten mozkinen arabera neurtzeko ikuspuntu maskulinoan jokatzen badugu, zorionez Athletic errepresentatzen ez duen Kluben Elkarteak gol kopuru handi batengatik galduko luke. Nork sinetsi dezake Iberdrolak babesten duen lehen mailak ez duela diru nahikorik sortzen?

aaraluzea@deia.eus