BERDROLAKO presidentearen bideo zati hori ikusi nuen publikoa egin bezain laster. Nabari da mintzaldia, mahai-ingurua edo den-delakoa bukatzear dagoela, galderak egin eta azkenekoak esateko une lasaia iritsi dela, barruan daramagun koinatu-koinata askatzekoa. Iberdrolako presidenteak irribarretsu jendeari ergela deitu zion argindarraren tarifak direla eta: ergel horiek ez dira ezertaz jabetzen. Harritu nintzen, bezeroei arrazoia beti ematearen urrezko araua horrela hausteagatik, baina ez gehiegi, pobreei eta klase ertainekoei (gero eta sinonimoagoak) ergela deitzea aspaldiko kontua baita, betikoa, esango nuke. Aberatsentzat pobreak berez dira ergelak.

Batzuek enpatia falta egotzi diote Iberdrolako presidenteari, adimen emozionalaz hitz egin dute eta autolaguntzaren erlijio laiko berri horrek dituen dogmak eta bertuteen zerrenda atera dituzte. Ia-ia pena eta guzti eman dit Sánchez Galán jaunak, hain ezjakin, hain kanpo errealitatetik... bere soldata ezagutzean berehala pasatu zaidana, noski. Iberdrolako presidenteari benetan pentsatzen duena atera zitzaion, besterik ez.

Enpresa batek “ni ez naiz ergela” esaldia aukeratu zuen bere produktuak ergeloi hobeto saltzeko, onak baina merkeak zirelakoan. Eta guk sinetsi. Izan ere, badirudi ergelok gure arteko lehia etengabean bizi garela ea nork erosten duen merkeago, ea nork bidaiatzen duen merkeago, ea nork afaltzen duen merkeago, laburbilduz, ea nor bizi den merkeago. Elkartasuna eta borroka ahaztuta, klase ertainekoek pentsatzen dute badirela nor oraindik, erabateko pobrezian, erabateko ergelkerian ez daudela oraindik. Horregatik haserretu dira hainbeste iraina argi eta garbi entzun dutenean.

Madrileko presidente andreak esan berri du Madrilen ez dagoela klase sozialik; mundu guztiko unibertsitateak eta erakundeak egongo dira orain Madrilerako bidean fenomeno paranormal hori aztertzeko. Badira modu asko jendeari ergela deitzeko. Agian eskertzekoa da Iberdrolakoaren gordina, gay mugimenduak erakutsi zigun askabidea irainetatik eraiki ahal dela. Ergelak, bai, ergelak.