Artzaintzaren antzinakotasunaz ere ez dago ahobatekotasunik. "Betikoa" dela uste dute batzuek. Burdin aroan kokatzen dute besteek. Bada, ordea, XVI. mendera arte mendiotan ardirik izan ez zela baieztatzen duen historialaririk ere. Hori dio Alvaro Aragón Ruano ikerlari oiartzuarrak, eta uste horri gogoeta hau eransten dio uste Patziku Perurena idazleak: lehen aberri-diseinatzaileek artzaintza mitifikatu zuten.

Udaberriarekin eraman ohi dituzte artaldeak mendira Aralarko artzainek. Aurten uko egin diote "antzezpen" horretan parte hartzeari, Enirio-Aralarko mankomunitatearen jarreragatiko protesta gisa. Udal-elkartearen utzikeria dute salatzen: "Ez gaude urte osoan guretzat eta gurekin lan egin nahi ez dutenen festan parte hartzeko prest. Enirio-Aralar Mankomunitateak urte osoan egiten ez duena egun bateko ospakizunarekin ezkutatu eta zuritu nahi du, eta gizarte osoaren aurrean normaltasun itxura eman. Ez gaude prest maskarada honetan parte hartzeko, ez baitugu Enirio-Aralar Mankomunitatearen axolagabekeriaren konplize izan nahi."

"Artzainei diru pixka bat eman eta dabiltzala mandoan!" esan zuena maskaradarik gabe geratu da aurten. Eta Aralarko artzainen jarduerak -beste zenbait eskualdetakoek ez dute halako oztoporik- aspaldiko moztasunean erroturik jarraituko du. Ez antzinakotasunaren liluraz eta aberri-diseinatzaileen mitifikazioz, batzuek duin bizitzeko baliabiderik eman nahi ez dietelako baizik.