ARRI izaten dira aurrezki kontuak solas orduetan. Gure lagunartean irabaziak eta aurrezkiak eztabaidatzen ditugun bakoitzean, bada bat esaten duena ezin garela pertsonak berdinak izan. Bere tesia da, pertsona biri diru kopuru berdina une berean emanda ere, handik hilabetera ez direla egoera berean izaten. Halere, oraingoan alderantziko kasua ekarri digu. Luis Medina izeneko bati begiratzea baino ez dagoela esan eta honela egin du sententzia: Miloe bat eurotik gora jaso eta bigarren urtean nik adina diru du, 250 euro eskas. Oso-oso urrunetik hasi eta orain biok berdin. Hurrengo soldata jaso arte larriak irentsiko ditu, nik eta beste askok bezala.

Txantxarako ez den gertakari lotsagarria utzi eta aurrezkiekin jarraituz, Espainiako erregeak bere ondarea erakustea erabaki du. Alderdi politiko batzuei bakarrik azaldu die bere egoera hori. Ariketa antzua izateaz gain -berehala ezagutu baita- adimen urrikoa dirudi aurkariak irabazteko aukera alperrik galtzea.

Badago beste xehetasun aipagarri bat ere. Erregearen emaztearen ondarea ez da agertu ez omen da-ta figura hori aipatzen Konstituzioan. Arrazoi ergela da zeren, edozein izanda ere baliabide publikoak jasotzen dituena, kontu-arrazoiak eman behar dizkio herri ordezkaritza demokratikoari. Erregeak eta bere familiak gorde beharko luketen gardentasuna ez da mesedea, zorra da, guri zaigun zorra.

Gainera, aitortza hori gardentasunetik urrun dago. Erregearen ondarea ezagutzea itzalean jarraitzen duen eremu osoaren puntutxo bat baino ez da. Esaterako, aurrekontu publikoetako zenbat baliabide eta zeintzuk sailetatik jasotzen dute urtero erregeak eta erret-etxeak? Gastuak, zenbat eta zeintzuk dira? Zenbat kostatzen zaigu hau guztiau?

Eredugarri ezin zaio deitu zortzi urte eta gero Felipe VIak egindako keinuari. Besteak beste, herritarren konfiantza berreskuratu nahi badu, ezinbestekoa du errege gisa duen ardura-gabe izate/egitearen interpretazio eta praktika gaiztoa lehen bait lehen zuzentzea.