Zirrikituetatik begira

Umorea

15.01.2022 | 00:12
Umorea

BERE eskola magistraletako batean literaturan umoreak duen garrantzia azpimarratzen zuen Julio Cortazarrek. Umorea tresna ezin hobea da gauza serioez hitz egiteko. Cortazarren esanetan, umoreak desakralizatu egiten du, umoreak sega pasatzen du ustez garrantzitsuak diren gauza guztien azpitik, pedantekerien azpitik, letra larriz idatzitako hitzen azpitik, eta, hala, laguntzen digu tragikoenaz ere hitz egiten dramatismorik gabe eta modu eraginkorragoan. Umorea suntsitzaile handia izan daiteke, baina suntsitzean eraiki egiten du. Julio Cortazarrek umorearen erabilera tunel baten eraikuntzarekin alderatzen zuen: tunel bat eraikuntza bat da, baina eraikitzeko lurra suntsitu behar da, zulo bat egin behar da eta han zegoena kendu. Tunela suntsipen horren bidez eraikitzen da. Umorearen mekanismoak ere antzera funtzionatzen du: ohiko balioak eta kategoriak behera botatzen ditu, buelta ematen die, beste alde batetik erakusten dizkigu, eta bat-batean, ohituraren eta errutinaren eraginez ikusten ez genituen gauzak ikusarazten dizkigu. Cortazarrek komikoa dena eta benetako umorea bereizten zituen. Egoera eta gertakari komiko batek barrea eragiten du une batez, baina ez du proiekziorik haratago, txistean bertan amaitzen da, zirkuitu itxiko sistema da. Aldiz, umorea txistetik edo egoera komiko batetik haratago doa: kritika bat gordetzen du barruan, satira bat, dramatikoa izan daitekeen erreferentzia bat. Hori da literaturan baliokoa izan daitekeen umorea, eta baita bizitzan ere. Azken finean, zenbait gauza beste ikuspegi batetik pentsarazi eta ikusarazteko aukera ematen digu umoreak. Umoreak, besteak beste, Itxuraz garrantzitsua denari garrantzia kentzen lagun diezaguke eta gauzen benetako garrantzia non dagoen erakusten lagundu. Umorea, batzuetan gure salbazioa izateaz gain, bizitza adimen eta zehaztasun handiagoz ikusteko baliabidea izan daiteke. Gehiago erabili beharko genuke, geure buruari barre egitetik hasita.

noticias de deia