ADIRUDI batzuk (askok? Gutxik?) jabetu berri direla oraintxe bertan, covid pasaportea dela eta, kontrol soziala deitzen den mekanismo gorrotagarri bat dagoela gure jendarteetan. Harrigarria da. Non bizi izan dira orain arte? Non egon dira? Batzuk zeharo eskandalizatuta daude ditxosozko pasaporte hori eskatzen digutelako jatetxe edo museoetara sartu ahal izateko. Ez al dute orain arte sentitu kontrol soziala? Zer izan dira horientzako Hegoaldean dugun NAN hori, atzerrira bidaia-tzeko behar diren pasaporte, visa eta gainerako paperak, jaio-tze edo heriotza ziurtagiriak, errolda, familia liburuak eta gure bizitza zibila zedarritzen dituzten agiri horiek guztiak? Zer, gure Aldundi ahalguztidunek gordetzen dituzten datu guztiak? Zer, bankuek, aseguru-etxeek eta gainerako erakunde publiko zein pribatuek (internetekin zerikusia dutenek batez ere) guri buruz dakiten guztia? Eta hori kontrol sozial formala kontuan hartzen badugu bakarrik. Ez al dute inoiz sentitu familiak, eskolak, lanak, herriak, auzoak, kuadrillak (gure artean kontrol zorrotzena ezartzen duenak) isilean eta eten gabe buru-tzen duten kontrol soziala ez formala? Ez al dute inoiz pentsatu barne-barneratuta dugula gure bizimoduak kontrolatu baina inon idatzita ez dauden hamaika arau, hamaika lege, hamaika eredu? Jakina da horixe dela kontrol sozial eraginkorrena.

Nire erantzuna da ezetz, orain arte ez dutela inoiz kontrol soziala sentitu edo ez zaiela asko axola kontrol hori bazen edo ez zen, euren erosotasun soziala ez baita inoiz ezbaian egon, are gutxiago arriskuan. Ez dute kontrol sozial ospe-tsua sentitu, ezta, garrantzitsuena dena, pairatu ere. Ez dira inoiz jendartearen bazterretan egon, ez dira inoiz jendartearen mugetara hurbildu. Orain, beste papertxo bat eskatzen zaigunean (ezerosoa, bai; kontrola, noski; baina ez hainbesterako, beste kontrol batzuekin konparatzen badugu), ahoa betetzen zaie kontrol soziala gora eta kontrol soziala behera, mundu honetara jaio berriak izango balira bezala. Durkheim eta Foucault barrezka egongo dira.