ZURRITEAREN erdian gutxien espero nuena egitera noa, Espainiako eskuinaz jardutea, oso zaila bada ere ustekabekorik entzutea buruaz barik tripetatik ateratzen zaizkien gogoeta itxuraz jositako esaldi beldurgarriak Alderdi Popularren zuzendaritza kideen aldetik.

Egun hauetako bi bakarrik aipatuko ditut. Batetik, Pablo Casadok formaltasun itxura osoz salatzen zuen ikasle katalanak gaztelaniaz berba egiteagatik irakasleen eskutik jasaten ari diren zigor eta irain larriak. "Entzun dugu" zioen gertakizun larriok deskribatzean. "Entzun izana" al da, besterik gabe, akusazio larri horiek egiteko Casado jaunak daukan argudioa? Horiek al dira estatu bat gobernatzea jomuga duen buruzagi baten estiloa eta zuhurtzia?

Tamaina horretako gisa-eskubideen urradura gertatzen ari dela dakien buruzagi politiko baten obligazioa epailearengana jotzea da. Baina Casado jaunak ongi daki gezurretan ari dela. Bidenabar, horrelako zigor eta umiliazioak, eta askoz sakonagoak, pairatuak gara haur, gazte eta heldu euskaldunok. Tartean daude alderdi horretako kide eta zaletu euskaldunak ere, antzeko irainak eta tratu txarrak bizi izandakoak, naturala zuten euskaraz biziz nahi izangatik. Oraingoa ikusita, abesti zaharra gogoratuz, "karlista euskalduna, ez al zera lotsatzen?

Bestetik, herenegun Senatuan, aurrekontuen berreste saioan hizkuntza gutxituen aldeko 1,6 milioiko zuzenketa onartu zuen. Javier Marotok zionez, helburu bakarra, kokotekoa ematea Sanchez presidenteari, ez noski hizkuntza gutxituen babes maila sendotzea.

Ez du entitaterik Sanchezi egiten dion kalteak. Atzerakuntza ekarriko dio 2022rako aurrekontuaren onarpen saioari baina sasoiz onartuko da. Maroto jaunak hizkuntza gutxituek beretzat duten balioa argi erakutsi du: aurrekontuen astebeteko atzerapena.

Bi gertakizun kontrajarri hauek berekin dute alderdi honen koherentzia-neurria. Halere, asko gara uste dugunok munduko hizkuntzen eta kulturen unibertso txikienek ere balio osoa dutela. Euskarak ere bai, noski.