Sortzaileek ere, bestalde, badute sentsazio bikoi-tza: batetik, azken urte eta erdian atzeratuta gelditu zena, orain dena batera kaleratzen aritzearena (positibotzat jotzen dute ahalegina, nahiz eta nahasmendu handia dagoen eta kontsumitzaileak bere burua lixeritu ahal duen baino eskaintza zabalagoaz bonbardatuta sentitzen duen); eta, bestetik, sortzaileek sentitzen dute kultur programatzaileek inoiz baino gehiago deitu dietela aldi honetan eta inoiz baino errespetu handiagoz zaintzen dituztela, "aretoak ireki behar direlako", eta berauek prest daudelako, noski. Baina programatzaileen ahotan entzun dute baita, datorren urtean, nazioarteko eskaintza aberastuko dutela. Eta berez logikoa den adierazpen horrekin, salduta sentitzen dira berriz ere. "Tiraka egin digute", diote, "behar izan gaituztenean eskura izan gaituzte; eta guk erantzun dugu".

Kontua da, izurritearen mugak gaindituko ditugunean, 0 km kultura nola programatuko eta eskainiko dugun. Izurritea baino lehen egiten genuen bezala? Ala, profitatuko dugu hemengo sortzaileen lana ikusgarriagoa egiteko? Beste era batera esanda, eskaintzen den kultur programazioaren baitan lehen eta bigarren mailako kulturaren arteko bereizketa egiten jarraituko dugu? Zeren eta aretoak beldurrak hustu ditu nagusiki, baina betetzen hasi direnean, ikuskizunen maila benetan ona ote den galderak ere harrapatu ditu areto hutsetako hormak... eta 0 km kulturaz daukagun pertzepzioa, hein handi batean, programazioan sartzen diren moduaren baitan dago.

Beraz, aukera paregabea dute kultur programa-tzaileek etxeko sortzaileei, lehen egokitzen zi-tzaien baino taularatze aukera duinagoa eskain-tzeko eta beraien artea kontsumitzaileari konbikzio osoz helarazteko. Zeren eta hemengo sortzaileek, badakigu, eskura izateaz gain, kalitate oneneko mailarekin erantzungo dutela.